Arte bisualen eta arkitekturaren arteko harremana era askotako konexio eta arrakalen historia luzea izan da, barne hartu dituena elkarrekiko interakzioa eta eraginak, eta baita eztabaidak ere. Funtzio desberdinak badituzte ere, bi-biek sortzen dituzte esperientziaren eta giza bizitzaren askotariko formak. XX. mendeko lehen hamarkadetako abangoardia modernoetatik gure garaiko glokaltasunera, diziplinei berei eta horien arteko harremanei buruzko gogoeta iraunkorra aintzat hartuta jardun izan da, mailegu eta liskar horien ondorioz. Hal Fosterrek “arte-arkitektura konplexu” gisa izendatu duena eratzen dute konexio horiek.
Donostiako I. Nazioarteko Arkitektura Bienala testuinguru bikaina izango da arkitekturan eta hirigintzan eragina duten erronka garaikide batzuen berrazterketa aurkezteko hainbat hezkuntza espazio, espazio kultural eta museotan; baina, era berean, arte bisualekiko konexioak aurkezteko aukera ere emango du. Altxerri, Kur, Arteko, Ekain eta Vetus Art arte galerietan ikusgai egongo dira diziplina arteko igarobide horien zenbait alderdiri buruz mintzatzen diren artisten lanak.
Kur galeria:
Erakusketa honek arkitekturari eta hirigintzari lotutako hainbat alderdiren gainean mintzatzen diren bost artistaren era askotako lanak bilduko ditu. Javier Baldaren kasuan, collage batzuen bidez irudikapenaren ideiarekin eta forma diagramatikoko memoriarekin jolasten da artista. Ikuspegi konstruktibista batetik, Xabier Lakak mugako tentsioa ezartzen du eskulturaren eta maketa arkitektonikoaren artean, hautematea nahiz esperientzia bizitzeko modu bat zehazten duten irudimenezko prozesuen eta objektuen proiekziorako. Paisaia periferikoak, industrialak edo urbanoak erakusten dituzten irudi batzuen bidez, Carlos Cánovasek eraldatzen ari diren espazioei buruzko artxibategi kritiko moduko bat erregistratzen du. Xabier Idoatek irudi digitalen poliptiko batzuk aurkezten ditu. Tipologia arkitektoniko eta urbanoko memoria da horien abiapuntua, eta trama distopiko moduko bat edo paisaia dislokatu eta kritiko bilakatzen dira. Víctor Arrizabalagak hiriari, arkitekturari eta lengoaiari buruz metafora objektual gisa adierazten diren zeinuen memoria laburbiltzen du eskulturaren bidez.
Komisarioa: Fernando Golvano
Antolatzailea: Ancora
Argazkia: Xabier Idoate