Badirudi giza bizitzaren zenbait alderdi – zahartzaroa, gaixotasuna, gainbehera – espazio fisiko jakin batzuei lotuta daudela eta espazio horiek gure eguneroko bizitzan baliatzen dugun espaziotik bereizita daudela.
Arkitektura, giza harremanak espazioan eta denboran antolatzeko bitarteko gisa, ortodoxia indartsu baten mende dago, zenbait funtzio non eta nola kokatu erabakitzeari dagokionez.
Proposamen honen xedea da zahartzaroaren errealitatea ezagutaraztea eta esperimentaraztea, modu garaikidean eta propositiboan. Horren bidez lortu nahi dena da bisitariak ulertzea zein diren Arkitekturaren berezko balioak, behar errealetarako irtenbideen sortzaile gisa, eta, horrez gain, kontaktuan jartzea talde orain arte ikusezin baten berezitasunarekin, adina errespetatzeak gure orainaren parte izan behar duela ulertzeko.
Paz Martínen erakusketa lau ardatzetan antolatua dago, eta, horien bidez, zahartzaroa bera zer den aztertzen da, bai eta zer erlazio dituen ere hiriarekin (“urbanizANDO”), etxebizitzarekin (“habitANDO”) eta aisiarekin (“disfrutANDO”). Erakusketak denbora bidaia bat proposatzen dio bisitariari, eta hark aurre egin beharko dio denboraren joanaren ezinbestekotasunari; bidaiaren bukaeran, zer mundutan bizi nahi duen erabaki beharko du.
Jende guztiarentzako moduan azaltzen dira zahartzaroaren atzean dauden jarduera eta arazo arkitektonikoak, bai eta erronka horri aurre egiteko irtenbideak zein izan daitezkeen ere.
Paz Martinekin bisita gidatua: azaroak 8, 18.00tik 19.30ra. Aldez aurretik izen-ematea beharrezkoa da: http://etxelagunkoia.eus/envejezando
Informazio gehiago: Etxe Lagunkoia
Antolatzaileak: Donostiako Udala-Donostia Lagunkoia eta Matia Fundazioa