Arkitekturako zenbait ikaslek mundu osoko 20tik gora eraikin berdingaberen maketak aurkeztuko dituzte
1970 Urtarrila 1
- Eraikuntza Historikoen Analisi Teknikoa izeneko erakusketak barne hartzen ditu Eiffel dorrea, Familia Santua, Empire State eraikina, asiar pagodak edo euskal baserri bat, besteak beste, eta urtarrilaren 30era arte ikusgai egongo da UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroan.
- MUGAK Bienaleko erakusketa honetan UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko hiru mailatako 75 ikaslek parte hartu dute, materialen erabilerari, eraikuntza sistemari eta egiturei buruzko ezagutzan sakontzeko asmoz.
MUGAK - Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala amaitzeko hiru aste besterik falta ez diren arren, oraindik ere ekimen berriak sortzen ari dira programaren baitan. Azken ekimena UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan egingo da. Eraikin Historikoen Analisi Teknikoa izeneko erakusketa da, non ikusgai egongo diren nazioarteko 28 eraikin berdingaberen maketak eta panelak. Erakusketa urtarrilaren 30era arte egongo da irekita.
Erakusketa honek badu berezitasunik: UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko hiru mailatako 75 ikaslek egindako lanaren emaitza da. Eraikuntzaren Historia eta Egitura Dimentsioen Historia irakasgaietako ikasleak dira, eta Eneko Uranga eta Rafa Zuza irakasleek koordinatuta aritu dira lanean.
Irakasgai horien helburua da eraikin ezagunak hobeto ezagutzea, horietan erabilitako materialei, eraikuntza sistemari eta egiturari erreparatuta. Ikasleek ikasturtearen lehen lauhilekoan zehar garatu dute lan hau.
Carlos Santamaría Zentroko erakusketan 28 eraikin egongo dira ikusgai, arkitekturaren historiako garai guztietakoak eta munduko toki guztietakoak, batzuk nazioarte osoan aitortutako eraikinak izanik, eta beste batzuk, aldiz, eraikin tokikoagoak. Horietako asko mugarri izan dira arkitekturaren historian.
Eraikin hauek ikus daitezke erakusketan, besteak beste: New Yorkeko Guggenheim museoa, Parisko Panteoia, Crystal Palace eraikina, Eiffel dorrea, euskal baserri tipiko bat, Empire State Building eraikina, Familia Santua, Pompidou Zentroa, Santa María del Mar katedrala, Erromako Koliseoa, Kordobako meskita, Municheko estadioa, Segoviako akueduktua edo Londresko San Pablo katedrala.
Maketak estrukturalak dira, eraikina errazago ulertu ahal izateko. Gainera, maketa bakoitzaren ondoan panel bat dago, non laburbilduta azaltzen den egindako lana.