Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Arkitekturaren mundua datorren astean elkartzekoa da Donostiako MUGAK Bienalean

  • Rafael Aranda (RCR Arquitectes), Solano Benítez eta Gloria Cabral, Alain Tavés eta Sou Fujimoto arkitekto ospetsuez gain, etorkizuneko talentuak ezagutzeko eta arkitekturaren mugei buruzko eta hirien etorkizunari buruzko hausnarketak partekatzeko guneak izango dira.
  • Bihar piztuko da lehenengo aldiz Bienalaren ikonoa izango den 12 metroko argi handi bat Miramar Jauregian. 
  • Mahai-inguruak egingo dira eta idazleek (Manuel Vicent, Bernardo Atxaga, Ramón Saizarbitoria), filosofoek (Fernando Savater) edo kazetariek (Soledad Gallego Díaz) parte hartuko dute. 

 

Egungo arkitekturako pertsona ospetsuak, etorkizun handiko talentuak eta etorkizuneko arkitektoak izango direnak ere (Euskal Herriko Unibertsitateko eta beste sei hiritako eskoletako ia 700 ikaslea) gune berean topatuko dira . Horiek guztiak datorren astean elkartzekoak dira Donostian, MUGAK Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalean.

Inaugurazio-astean egingo dira urtarrilaren 31ra bitarte planifikatutako 115 jardueren zati handi bat (jarduera guztiak doakoak dira). Bienala astelehenean hasiko da Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldi batekin. Ekitaldi horrekin batera egoitza nagusian, hots, Miramar Jauregian antolatu diren 10 erakusketak irekiko dira. Ordurako hasita egongo dira Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko eskolak. Aste horretan, Goi Eskola horretako irakasle eta ikasle guztiak Donostiako Badian kokatuta dagoen jauregira joango dira.

Bost egunetan izen ospetsu batzuk bertaratuko dira, hala nola Rafael Aranda, RCR Arquitectes estudioko hiru bazkideetako bat. Kataluniako estudio horrek Pritzker saria, arkitekturaren alorreko saririk garrantzitsuena, jaso du aurten. Rafael Arandak emango du inaugurazio-hitzaldia. Gainera, ‘Sormen partekatua’ erakusketa eraman du Donostiara. Erakusketa horretan Oloten (Girona) dagoen estudioak duen 25 urteko historia berrikusten da.

Paraguaiko Solano Benítezek eta Gloria Cabralek arkitektura latinoamerikarraren boterea erakutsiko dute asteazkenean, Frantziako Alain Tavések bere maisua izan zen Le Corbusier-en maisutasuna ulertzen lagunduko du ostegunean; ostiralean, arkitektura modernoaren etorkizunaren irudia den Sou Fujimoto japoniarrak emango die amaiera hitzaldiei.

Eta horiei arkitektura modernoaren alorreko beste izen gazte batzuk batuko zaizkie, formatu arineko hitzaldiak eskainiko baitituzte Javier Puldain, François Chastanet, Ibon Salaberria, Jon Begiristain, Ignacio Quemada, Iñigo Beguiristain, Juan Mera eta Atxu Amann arkitektoek. 

Turismo masifikazioarengatik eta despersonalizazioagatik mehatxatutako hiria

Era berean, solastatzeko guneak izango dira hirian barna antolatutako hamabosten bat gunetan banatutako ehunen bat ekitalditan. Miramar Jauregian bi mahai inguru antolatu dira pentsalari ospetsuekin. Asteartean, azaroak 7, eztabaida bat izango da 'Nire hiria' kontzeptuaren inguruan, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga eta Fernando Savater izango dira solaskideak, Ramón Saizarbitoriaren gidaritzapean. Asteazkenean, hilak 8, Soledad Gallego-Díaz kazetariak gidatuko du gaitzat ‘Hiri mehatxatua: depersonalizazioa, turismoko masifikazioa eta gentrifikazioa’ izango duen mahai ingurua, bertan izango dira Josep María Montaner, Manuel Vicent idazlea eta Igor Calzada. 

Miramarren aurkeztuko diren hamar erakusketetaz aparte, beste 15 erakusketa izango dira hiri osoan barna, esate baterako Koldo Mitxelenan, Tabakaleran, Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (COAVN), UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, Cemento Rezola Museoan, Santa Teresa komentuan, San Telmo, Espacio Reflex, Ernest Lluch Kultur Etxean, eta hiriko bost arte galeriatan, Altxerri, Arteko, Ekain, Kur eta Vetus Art galerietan.

Egoitza nagusitik kanpora ere izango dira erakusketa gehiago. Aipatzekoak dira Koldo Mitxelenan egingo diren batzuk: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren 2016ko Sarietan aurkeztutako 10 lan onenekin osatutako erakusketa, Paz Martinen 'ENvejezando' proiektua eta Arkitektura Eskolak (AGET-EHU) antolatutako 'Gipuzkoa Brut' erakusketa. 

Bestalde, 'Concrete World' izenburuko erakusketa eskainiko du Elisa Valerok Cemento Rezola Museoan. Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan 'biziMUGAK-vivirMUGAK' erakusketa eskainiko da Bienalaren inguruan antolatutako argazki lehiaketan aurkeztutako lan onenenik apailatua.

‘A fine line’, nazioarteko lantegia

Perimetroak haurrentzako lantegiez edo Hegalariak workshoparen bitartez guztientzat diren arkitekturari buruzko beste lantegi batzuez gain, A fine line: Scenarios of bordering conditions lantegia antolatu da, mugei buruzko gogoeta egiten duen lantegia, alegia. Lantegi horretan Israelgo, Palestinako, Londresko, Errusiako edo Indiako arkitekturako profesionalen 13 estudio parte hartzen ari dira, baita herrialdeen arteko talde mistoak –muga fisikoaren kontzeptuari aurka egiten diotenak– ere (Kolonbiakoak eta Espainiakoak, esaterako).

Horiek guztiak nabarmentzen dira arkitekturaren ikuspegi desberdinetatik abiatuta, ikerketa berritzaileak edo esperimentalak egin dituztelako eta mugen kontzeptuari buruzko interpretazioa landu dutelako: muga politikoenetatik hasita (Nazio Batuetako iheslari-esparruetako proiektuak eginez edo Siriako migrazioei buruzko hausnarketak eginez) muga abstraktuekin amaitzeraino (aireari buruzko proiektu bat egin zuten airea nazionalitaterik ez duen elementu gisa hartuta) edo Borderland lurraldea islatzen duen mapamundi bat, zentimetro horietan, herrialde baten amaieraren eta hurrengoaren hasieraren artean (munduan daudela inork ez dakien lur zati horiek) sortzen den irudizko herrialde bat.

Proiektu horiekin, 30 pertsonak beren ideiei buruz lan egingo dute Tabakaleran lau egunez (izena emateko: info@atari.eus) sortzen jarraitzeko, eta proiektu osoa kultura garaikidearen zentro horretan bertan jarriko da erakusgai.

12 metroko argi handi bat

Bienalaren elementu deigarrienetako bat Donostiako Badian nabarmenduko den 12 metroko argi handi bat izango da. Miramar Jauregiaren sarrera nagusiaren ondoan finkatuko da eta Bienalaren logotipoaren irudiaren, hots, muga gisa azaltzen den zeharkako lerroaren berde bizia nabarmenduko da. MUGAK bienalak hainbat ikuspegitatik landuko du arkitekturaren eta beste diziplina batzuen artean, hala nola ekonomiaren, filosofiaren edo soziologiaren artean dagoen mugaren ideia.

Argia, igandea, 18:30ean piztuko da lehenengo aldiz Miramar Jauregiaren aurrean.

MUGAK Bienalaren inguruan

MUGAK Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren antolakuntzarekin sortu da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren parte hartzearekin. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren, Tabakaleraren, Koldo Mitxelenaren, San Telmo Museoaren kolaborazioarekin, eta Atari, Ancora, Espacio Reflex, Archivo Peña Ganchegui, Museum Cemento Rezolarekin batera, Altxerri, Arteko, Ekain, Kur eta Vetus Art galeriekin eta Elektra eta Habic Clusterrarekin, clusterraren barne dauden Daisalux, Lanik, Prodema, Tesa, Ondarreta eta Akaba enpresekin, Gráficas Mitxelena eta Dabadabaren laguntzarekin.



Egitaraua prestatzen ari gara