Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

“Pertsonek konfiguratzen dute espazioa, eta ez espazioak pertsonak”, RCR Arquitectes estudioko Rafael Arandaren ustez

  • Aurtengo Pritzker saria irabazi duen estudioaren ustez, “natura pertsonengandik hurbilago eraman behar da”.

 

RCR Arquitectes estudioko kide Rafael Arandak eman du gaur inaugurazio-konferentzia MUGAK I. Nazioarteko Arkitektura Bienalean, ekimen horren egoitza nagusian, Donostiako Miramar Jauregian. Arandak azpimarratu duenez, “pertsonak konfiguratzen du espazioa, ez espazioak nola egon behar duten pertsonek espazio horretan”. “Paisaiak diren espazioak gustatzen zaizkigu. Pertsona eta espazioak egiten duen erabilera dira espazioa sortzen dutenak, ez zaigu interesatzen konfiguratutako espazio bat, interesatzen zaigun espazioan pertsona izango da espazioa bera aktibatzen duena”.

Aurtengo Pritzker saria irabazi duen estudioaren sortzaileak RCR Arquitectes estudioaren beraren sorkuntza-prozesua izan du aipagai, eta José Antonio Marinaren esaldian oinarritu da horretarako: “sormen partekatuak ahalbidetzen dio nahitaez apartak ez diren pertsonen talde bati emaitza apartak lortzea”.

200 lagunek baino gehiagok lepo betetzen zuten auditorio baten aurrean erakutsi dituen adibideen artean, Arandak azpimarratu du bere proiektuek beti dutela “pentsamendu bera: natura pertsonengandik hurbilago eramatea. Ildo horretan, adibideak jarri ditu naturarekiko bizikidetza adierazteko, barrukoaren eta kanpokoaren arteko mugen haustura adierazteko, eta proiektu jakin batzuen aldeko apustua egin du, zeinetan “zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta arkitektura gutxiago izango diren, landaredia hazi egingo delako, eta gero eta naturalagoa izango delako”. “Arkitektura osotasun bat bada, forma, egitura, ingurunea, guztia da osotasuna”.

Arandak balioan jarri du “gure ingurunean ikasi dugunaren oinarria beste ingurune batzuk irakurtzen jakiteko”, Oloten egin duen egonaldia aipatuz, non, azaldu duenez, “pobreziatik ikasi dugu, funtsezkotik. Horma batzuk eta taula batzuk. Eraikitze-logika ikasi dugu. Gutxieneko materialekin asko lor daiteke.

Arrazoi horrexegatik, azaldu du bere estudioa kokatuta dagoen lekua, Barberí galdategi zaharra, “hunkitu gintuen” lekua, garrantzi oso handikoa dela bere sorkuntza-prozesuan. “Eraikinak egiteaz haratago joatea ahalbidetuko digu lekuan egoteko” premia da, “pertsonei pentsaraztea eta pertsonak hunkitzea ahalbidetuko digun lekuan egoteko” premia.

Rafael Aranda RCR Arquitectes arkitekturako sorkuntza-tailerraren sortzaileetako bat da. 1988an sortu zuen, Oloten, Carme Pigemekin eta Ramon Vilaltarekin batera. RCR Arquitectes estudioak Pritzker saria irabazi du aurten, eta RCR Bunka Fundazio Pribatua ere sortu du, gizartean arkitekturaren eta paisaiaren balioa, eta, inplizituki, arteen eta oro har kulturaren balioa, suspertzeko asmoarekin. Mota askotako lanak egiten dituzte: eraikin publikoak eta etxebizitzak, haurrentzako lorategiak eta upeltegiak; RCR Arquitectes ezohiko estudioa da, eta beste garai bat ekartzen du gogora, hain zuzen ere, arkitekturak gizakia naturatik babestu, eta, aldi berean, bien arteko loturari eusten zion garaia.

MUGAKen biharko programa:

MUGAKen programak bihar jarraituko du inaugurazio-astearen hirugarren egunean, arkitektura garaikidearen alorrean nazioartean nabarmendu diren Solano Benítez eta Gloria Cabral profesional paraguaiarren hitzaldiekin (12.30 h, Miramar). Asteazkeneko goiza partekatuko dute José Manuel López-Peláez Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Katedradun Emerituarekin, 1971n Arkitekturako Sari Nazionala irabazi zuena. Arratsaldean, Ignacio Quemada, Juan Mera, Atxu Amann eta Iñigo Beguiristain arkitektoen txanda izango da, eta bakoitzak 30 minutuko hitzaldia emango du.

Azken orduan (18:00h), Soledad Gallego Díaz kazetariak moderatuko du Hiri mehatxatua: despertsonalizazioa, turismoaren masifikazioa eta gentrifikazioa mahai-ingurua, non Josep María Montaner Bartzelonako Etxebizitzako zinegotziak eta arkitektura-kritikariak, Manuel Vicent idazleak eta Igor Calzada Oxfordeko Unibertsitateko akademikoak parte hartuko duten.

Gainera, Koldo Mitxelena Kulturunean lau erakusketa jarriko dira jendaurrean: envejezANDO, arkitekturari eta biztanleria zahartzeari buruzkoa, Gipuzkoa Brut, mugimendu brutalistak Gipuzkoan utzitako erakusgarrien bilduma, UPV/EHUko arkitektura-ikasleek bultzatua; EHAEO sariak 2016; eta Ondare Fabrika, Frantzian sortu dutena eraikitako ondaregune babestu batean arkitektura garaikidea nola bultza daitekeen hausnartzeko.



Egitaraua prestatzen ari gara