Cristina Iglesiasek “esperientzia poetiko, fisiko eta sentsorial” bat sortuko du Santa Clara uhartean
1970 Urtarrila 1
- Artista donostiarrak xehetasunak eman ditu Santa Clara uharteko itsasargian egin nahi duen lan eskultorikoari buruz, “izadia eta itsasoa zaintzeak duen garrantziaz jabetzera eramango gaituena”, hiriari dohaintzan utziko dion obra.
- MUGAK Bienalaren programaren barnean ere, Alex Anmahian estatubatuar arkitektoak gogoeta egin du mugen izaerari buruz.
Cristina Iglesiasek –Euskal Herriko artista ospetsuenetariko bat–, azalpenak eman ditu gaur, donostiarren aurrean, Santa Clara uhartean egin nahi duen proiektuari buruz. Uharteko itsasargia eraldatu eta eskultura publiko bihurtu nahi du, obra enblematiko bat izan dadin hiriarentzat. Eusko Jaurlaritzak antolatu duen MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitekturako I Bienalaren ekitaldien barnean eman du hitzaldia. Aurretik, Alex Anmahian estatubatuar arkitektoak hitzaldi bat eman du, ‘Mugak gaindituz’ izenekoa.
Cristina Iglesiasek bere lanaren errepasoa egin du, uhartean egin nahi duen lana dela-eta buruan darabiltzan ideiekiko lotura eginez, itsasoa ardatz duten ideiak. “Ideia nagusia da esperientzia poetiko, fisiko eta sentsorial bat sortzea, izadia eta batez ere itsasoa zaintzeak duen garrantziaz jabetzera eramango gaituena”, adierazi du artista donostiarrak.
Helburua, esan bezala, itsasargiaren eraikina eskultura publiko bihurtzea izango da, Kontxako Badiaren atzealdea modu figuratuan irudikatuz, brontzezko edalontzi handi bat protagonista duela, eta, horrekin batera, itsasaldiek eragindako aldaketak ispilatuz.
Artistak azaldu duenez, “piezaren zati bat zintzilik egongo da barruan”, eta gainera, “pasabide batek ikuspuntu desberdinak eraikiko ditu, bai barrurantz bai kanporantz”. Piezak argi naturala ere jasoko du, argi zulo batzuei esker, eta argi artifiziala ere izango du, soinuez gainera.
Iglesiasek jendaurrean erakutsi du Santa Clarako itsasargiko obrari lotuta egin duen lehenengo maketetako bat, eta adierazi du “lotura bat ezarri” nahi duela itsasargiaren parean dagoen Donostiako Aquariumarekin. Proiektua lantzeko, Madrilen eta Londresen dituen estudioetan lan egingo du, eta Donostiara etorriko da tarteka. Itsasargia eraldatuko duen prozesua urte honetan zehar burutuko da, eta asmoa 2019an amaitzea da.
Iglesiasek –1997an hasi zena Anberesen ura bere lanetan erabiltzen– bere beste lan batzuen errepasoa egin du: El Pradokoa, Minas Geraisen eginikoa (Brasil), Botín Zentrokoa (Santander) edo Londreseko Bloomberg eraikinekoa. Toledoko lana ere aipatu du, non Donostiarako prestatzen ari den piezaren antzeko bat eraiki zuen.
Eskultura udal jabetzakoa izango da, duela hilabete batzuk artistak berak eta Eneko Goia alkateak sinatu zuten hitzarmen bati esker. Hitzarmenaren barnean, obraren dohaintza ez ezik, diseinu prozesua eta gainbegiratzea ere sartzen dira. Hitzaldian alkateak ere parte hartu du, eta adierazi du Santa Clarako obra “jenio lan bat" izango dela, "hiriak datozen urteotan izango duen mugarrietako bat, Donostia diferentea izango baita lan hau amaitzean”.
Iglesiasek, beraz, Donostiako itsasertzeko arte multzoari gehituko dio bere obra, lehendik ere hor baitaude Eduardo Txillidaren ‘Haizearen orrazia’, Jorge Oteizaren ‘Eraikuntza hutsa’ eta Nestor Basterretxearen ‘Bakearen usoa’.
Alex Anmahian, ‘mugak gaindituz’
Alex Anmahian estatubatuar arkitektoak mugen izaerari buruzko bere ikuspegia azaldu du bere hitzaldian. ‘Mugak gaindituz’ izenburupean, Anmahianek hizpide izan ditu arkitektoek gainditu behar dituzten mugak, eta adibidetzat jarri ditu bere estudioak munduko hainbat tokitan egin dituen lanak. “Nire estudioan lan egiten duen orok probokaziotik lan egiten du, eta mugaren kontzeptua guztiz erlazionatuta dago probokazioarekin”, adierazi du.
Bere hitzaldian, Anmahianek hainbat xehetasun eman ditu bere estudioa azken urteotan lantzen ari den proiektuetako lauri buruz: arte gune bat Jordanian, behatoki bat eta arkeologia institutu baten eraikina AEBn, eta bulego dorre bat Turkian.
Ekipamendu, Zur eta Diseinuaren sektoreko euskal enpresen Cluster Habic elkarteak gonbidatuta etorri den arkitektoak “diseinu prozesu baten baitako elementu inspiratzaile eta sortzaile gisa” definitu ditu mugak.