Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Astelehenean aurkeztuko da hilabete gehiago zabalduko den 'Galdu genuen hiria' erakusketaren liburua

  • Liburua Gráficas Michelena etxeak argitaratu du, eta haren salmentatik ateratako irabaziak Etiopia Utopia GKEari emango dizkio. “Galdu genuen hiria. Donostian hiri-ondarearen kudeaketa (1950-2017)” Donostiako 13 auzotako desagerturiko eraikinak ezagutzeko ibilbide birtual bat da.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailaren 25era arte zabalduko du Ancorak Santa Teresa komentuan antolaturiko erakusketa, urtarrilean amaituko den MUGAK Bienalaren programa ofizialetik kanpo.

Hilaren 22an, astelehena, aurkeztuko da “Galdu genuen hiria. Donostian hiri-ondarearen kudeaketa, 1950-2017” erakusketaren edukia biltzen duen liburu-katalogoa. Erakusketak Ancora elkarte zibikoko Alberto Fernández-D'Arlas eta Eneko E. Oronoz ditu komisario. Aurkezpen ekitaldia 19:00etan hasiko da, Koldo Mitxelena kulturunean.

Liburuak 240 orri ditu eta Gráficas Michelena etxeak argitaratu du, “mono-gráficas” bildumaren barruan. Argitalpenarekin lorturiko diru sarrerak aita Ángel Olaran buru duen Etiopia Utopia GKEaren Kainaberak II” proiektuari emango zaizkio. Lanak azken zazpi hamarkadetan Donostiako 13 auzotan desagertzen joan diren eraikinei buruzko dokumentazioa eta argazkiak biltzen ditu. Bestalde, erakusketa Santa Teresa komentuan dago ikusgai, eta 200 eraikin ingururen ia 700 argazki biltzen ditu.

“Galdu genuen hiria” Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolaturiko MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitekturako I. Bienalaren programaren zati da. Bienala urtarrilean itxiko da, etxebizitzaren arkitekturari buruzko jardunaldi batekin (hilaren 26an, Santa Teresa komentuan) eta hala, amaitutzat emango dira oraindik irekita dauden erakusketak.

Miramar jauregikoentzat urtarrilaren 28a izango da azken eguna (asteburu honetan itxita egongo dira Donostia Eguneko ospakizunak direla eta); horien artean, nabarmentzekoa izan da, bertaratutako jende kopurua dela eta, RCR Arquitectes etxearen “Sormen partekatua” izenekoa. MUGAKen ekitaldi guztiak doakoak eta publikoari irekiak izan dira.

Hilabete gehiago Santa Teresan

Nolanahi ere, Ancoraren erakusketak publikoaren artean arrakasta handia izan duenez, eta ateak ireki dituen azkenetakoa izan denez, taldeak eta Gipuzkoako Aldundiak adostu dute beste hilabete batez irekitzea, hau da, otsailaren 25era arte, baina MUGAK Bienalaren programa ofizialetik kanpo.

Orain arteko egun berberetan egongo da irekita: ostiral arratsaldetan (16:30-20:30); larunbatetan, goizez (10:30-14:30) eta arratsaldez (16:30-20:30), eta igande goizetan (10:30-14:30). Era berean, bisita gidatuei eutsiko zaie: asteazkenetan eta ostegunetan, 19:00etan.

Une honetan Santa Teresa komentuan dagoen “A fine line: Scenarios for bordering conditions” izeneko beste erakusketarentzat, ordea, urtarrilaren 28a izango da azken eguna, Bienaleko gainerakoentzat bezalaxe.



Egitaraua prestatzen ari gara