Espainiako adinekoen %80 irisgarriak ez diren etxebizitzatan bizi dira
1970 Urtarrila 1
- 200 lagun ari dira parte hartzen ‘Etxeak zahartzen ari den gizarte batean’ jardunaldietan, non nazioarteko adituek etxebizitzak gero eta zaharragoa den gizarte batera nola egokitu behar diren aztertzen duten
- Alain Tavések bere maisu Le Corbusierren Zuricheko Pabilioiaren xehetasunak azaltzen ditu
- Sou Fujimotok inaugurazio-astearen itxiera-hitzaldia emango du bihar, eta asteburu osoa hartuko du ‘A fine line: Scenarios of bordering conditions’ tailerrarekin, Tabakaleran.
MUGAK Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalaren esparruan gaur eta bihar Miramar Jauregian egiten ari den ‘Etxeak zahartzen ari den gizarte batean’ jardunaldien lehen egunak argi utzi du egungo eta etorkizuneko gizartearen ezaugarri berrietara egokitzeko erronka handia dela. “Arkitekturak adinekoen autonomia babesten duen diziplina anitzeko multzoaren parte izan behar du”, adierazi du Mark de Rooij arkitektoak (Herbehereak), eta zahartzaroan bere etxean geratzeko lehentasun horri zifrak jarri dizkio: “%83k nahiago dute etxean geratu, eta %3,8k bakarrik egoitzetan”.
Hala eta guztiz ere, profesional honek azpimarratu du Espainiako etxebizitza-parkearen benetako datuek argi uzten dutela etxebizitzak gaur egun lehentasun horiei erantzuteko prestatuta ez daudela, adinekoen %79 irisgarritasun-irizpideak betetzen ez dituzten etxebizitzatan bizi baitira.
“Ikerketa asko daude dementzia duten pertsonentzat gauzak diseinatu eta ipintzeko moduari buruz; diseinuak gaixotasunen garapenean eragina du”, adierazi du Donostia Lagunkoiarekin batera jardunaldiak antolatu dituen eta Matia Fundazioko aholkulari den Mayte Sanchok. Espainian eta Euskadin “etxea ala erakundea dikotomiarekin jarraitzen dugu; aldaketa kultural garrantzitsua egin behar da”.
Horregatik, De Rooijek azpimarratu du aldaketak beharrezkoak direla. “Gauzak aldatzen dituzten keinu txikiak dira: espazio horizontalek, sabaia baxuekin, kontzentrazioa sustatzen dute; bertikalek, aldiz, sormena; uhin horiek eta leiho biribilek baretasun-sentsazioa sortzen dute”, adierazi du adibide gisa. Ingurune egokia sortzea ezinbestekoa da: “zenbat eta argi gehiago eduki, jendea orduan eta zoriontsuagoa da eta gaixotasun gutxiago ditu”.
“Ez banago etxean, nire etxea bezalako leku batean egon behar dut, eta ez ospitaleak bezalako espaziotan”, azpimarratu du Mayte Sanchok. Egunean zehar hainbat ideiaren balioa azpimarratu da, adibidez: belaunaldien arteko etxebizitzen alternatibak, cohousing-proposamenak, eta Europako hainbat herrialdetan aplikatzen ari diren ereduak.
Pertsonak beraiek dira euren ingurunean egingo den aldaketaren egile, etorkizunerako prestatuz. “Noiz hasi behar dugu horri buruzko hausnarketa egiten, 85 urte ditugunean ala 40 ditugunean?”, galdera egin du De Rooijek. Diego Herranz soziologoak zera azpimarratu du: “norbere burua zahartzen ari izanaz jabetzea progresiboa da, beti zaharrena norbera baino zaharragoa den norbait da, pertsona helduak beti besteak dira, gu ez gara horretaz jabetzen mendetasun-egoera batera iristen garen arte”.
Bihar jarraituko du zikloak sei ponentziarekin, nazioarteko ospe eta izen handiko sei adituren eskutik, eta garatutako gizarteen longebitatearen eraginez hiriek aurre egin beharreko erronkak aztertuko dituzte (9h-14h).
Le Corbusierren ikasle Alain Tavések Zuricheko Pabilioiari buruzko hitzaldi bat eman du; bere maisuaren legatuaren garrantzia aipatu du, eta eraikin hori Le Corbusierren “omenaldi bat, hil osteko obra bat” dela azpimarratu du. “Hil zenean dena pentsatuta zegoen, baina plano guztiak ez zeuden eginda fabrikatzeko, hori gure lana izan zen” kontatu die Miramar Jauregira hitzaldia entzutera hurbildu diren arkitekturako ikasle eta profesionalei.
Gaur inauguratu da, halaber, Elisa Valero arkitektoaren ‘Concrete Work’ erakusketa Museum Cemento Rezola gunean, hormigoiak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko egindako ikerketaren fruitu diren hamar obrako sailari errepasoa ematen dion erakusketa. Horien artean honako hauek daude: Manantiales Jatetxearen birgaitzea Xochimilcon (Mexiko), Casa Valero Maldonado etxea Pola de Sieron (Asturias), Casa Amat eta etxebizitza esperimentalen talde bat Huerto de San Cecilion (Granada).
Bestalde, ‘A fine line’ tailerraren lanak hasi dira Tabakaleran, espazioa filmazio-set bihurtuz, mundu osoko arkitektoek mugei buruz dituzten ideiekin bidali dituzten proiektuak lantzeko. ‘A fine line’ tailerreko bigarren jardunaldiak bihar, ostirala, izango du jarraipena (12h-19:45h), eta asteburura ere zabalduko da egoitza horretan bertan.
MUGAKen bihar ostiralerako programa:
MUGAKek bere inaugurazio-astea itxiko du bihar hainbat jarduerarekin. Jarduera horien artean, Sou Fujimoto-ren presentzia da nabarmentzekoa. Arkitekto japoniar ospetsuak Miramar Jauregiko hitzaldien zikloari amaiera emango dio ‘Between nature and architecture’ izenburuko bere ponentziarekin (11:30h).
Goizean, Miramar Jauregian bertan, Kunsthal Irun zentroak eta UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak antolatutako ‘Transvisible’ tailerreko azken jardunaldia izango da, lau eguneko lanaren ondoriozko emaitzen aurkezpenarekin. Gainera Habic klusterrak antolatutako Mark Humphreys-en hitzaldia ere garatuko da (10h).
Zinemak ere badu bere tokia MUGAKen programan. Horrela, Dokufest 2017 zikloaren proiekzioa eskainiko du San Telmo Museoak, hau da, Kosovoko dokumental eta film laburren festibala, Donostiara Espacio Reflex plataformaren jardueren bidez hurbilduko dena hiru film laburrekin: ‘Our bride’, ‘200000 Phantoms’ eta ‘Shipwreck’.