Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Etxebizitzaren arloko arkitekturaren adibide egokiei buruzko jardunaldiak itxiko du, bihar, MUGAK Bienala

  • Iñaki Arriola sailburuak emango du lehenengo hitzaldia, 9:15ean, Donostiako Santa Teresa komentuan; haren atzetik, Euskadiko, Nafarroako, Madrilgo eta Bordeleko 14 txostengile arituko dira.
  • Hitzaldietan, eraikinak berritzeko kasu zehatzak, proiektu pilotuak, ‘passivhaus’ etxebizitzen adibideak, auzo osoen lehengoratzeak eta arkitekto ezagunen lan berezi batzuk izango dira hizpide.
  • Asteburu honetan (ostirala, larunbata eta igandea) izango da azken aukera Miramar jauregian 'RCR Arquitectes. Sormen partekatua' erakusketa ikusteko.

'Etxebizitzaren arkitektura' izenburuko jardunaldiak itxiko du, bihar, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren (MUGAK) lehenengo edizioa. Goiz osoan zehar hitzaldiak izango dira, etxebizitzarekin lotutako arkitekturaren arloko jardunbide egokien adibideak ezagutarazteko; batez ere, etxebizitza publikoarekin lotutakoak, nola Euskadin, hala Nafarroan, Madrilen zein Bordelen.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak irekiko du jardunaldia, 9:15ean. Izan ere, sail horixe izan da Bienala bultzatu duena.  Hortik aurrera, 14 profesionalek hartuko dute hitza, eta ordu laurden inguruko hitzaldi motzetan, kasu arrakastatsuen berri emango dute. Donostiako Santa Teresa komentuan egingo da jardunaldia, etorkizunean horixe izango baita Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutuaren egoitza, bai eta MUGAK Bienalaren egoitza iraunkorra ere.

Bihar ezagutu ahal izango diren proiektuetako bat da, hain zuzen, ‘Housing the Basque Country. Etxebizitza Publikoa Euskadin’ erakusketa, aurten Bilbon egingo dena. Zehazki, Asier Santas eta Luis Suárez arkitektoek emango dute horren berri. Aurrerago, jardunaldia hiru bloketan banatuko da. Lehenengoan, “arazo bakar bati aurre egiteko hiru proposamen” landuko dituzten proiektu zehatzak aztertuko dira. Bertan, Aitor Fernández Onekak hitz egingo du, La Casa del Arco izeneko Sestaoko eraikinari buruz jarduteko. Eraikin historikoa da, gizarte eta hirigintza lehengoratzeko prozesu bat ekarri duena. Cristina Acha eta Miguel Zaballa arkitektoek, bestalde, bizitegi parke publiko baterako egin duten proiektua azalduko dute. Eta Germán Velázquez nafarrak (VArquitectos), ‘passivhaus’-en aditua denak, Boluetan (Bilbao) 171 solairuko dorre handi bat eraikitzeko egin duen proiektuaren zehaztasunak emango ditu.

Hurrengo blokeak Euskadin egiten ari diren azken garapenak izango ditu ardatz. Lan horiek “hirigintza lehengoratzeko motorra” dira, eta horren lekuko dugu Donostiako Txomin Enea (Enrique Ramos zinegotziak azalduko ditu horri buruzkoak), non 109 udal etxebizitza tasatu egitea dagoen aurreikusita. Auzo osoak berritzeari buruz ere jardungo dute; esaterako, Gasteizko Koroatzearen auzoari buruz. Hiri hori, hain zuzen, Europako ‘SmartEnCity’ proiektuaren baitakoa da, CO2-rik gabeko hiri adimendunak lortzea helburu duena. Carlos Quindósek emango ditu azalpenak, VISESA elkarte publikoaren zuzendaria bera. Pablo Otaolak, bestalde, Bilboko Zorrotzaurreri buruz jardungo du. Garai batean industriagune izandako eremu hori itsasadarraren albotik hirira sartzeko ‘hall’ berri bihurtuko da, Zaha Hadiden diseinu bati esker.

Hirugarren eta azken blokeak, berriz, bizitegien arloko arkitekturaren etorkizunera begira dauden hiru azterlan izango ditu hizpide. Gasteiztik, esaterako, Aurora Fernándezek eta Javier Mozasek, alegia, ‘a+t’ aldizkariaren sortzaileek, ikerketaren eta analisiaren bitartez hiri trinkoa sustatzeko egin duten apustuaren berri emango dute, ‘Density is home’ izenburua duen txostenean. Madrilgo Blanca Lleók, berriz, ‘Viviendo entre viviendas / Etxebizitzen artean bizitzen’ hitzaldiaren bidez, bere proiektuei buruzko zehaztasunak emango ditu. Proiektu horietan, hain justu, “bizitza pribatuaren eta espazio publikoen arteko” tokiak lantzen ditu.

Jardunaldia amaitzeko, Marjan Hessamfar eta Joe Verons frantziar arkitektoek hartuko dute hitza. Bi-biek “proiektu guztietan, lehenengo faseetatik, ingurumen kalitatearekiko konpromisoaren ikuspegia” txertatzeko lan egiten dute, “arkitekturak berori txertatuta dagoen paisaia errespeta eta indartu dezan”. Lan horri esker, hain justu, Frantziako Arkitektura Akademiaren Etxebizitza Saria 2017 jaso dute.

Jardunaldian parte hartzeko izen-ematea doakoa izango da, eta esteka honetan egin ahal izango da.

Erakusketen itxiera

Biharko jardunaldia izango da Bienalaren azken ekitaldi publikoa, nahiz eta oraindik ikusgai egongo diren MUGAKen zenbait erakusketa. Igande honetan itxiko dira, esaterako, Miramar jauregiko erakusketak. Horien artean, nabarmentzekoa da ‘RCR Arquitectes. Sormen Partekatua’ izenekoa. Igandean amaituko da, halaber, Santa Teresa komentuko ‘A fine line: Scenarios for bordering conditions’ lana. Alabaina, otsailaren 25era arte egongo da ikusgai ‘Galdu genuen hiria. Donostian hiri ondarearen kudeaketa, 1950-2017’ izenekoa.

UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan, berriz, ‘Eraikuntza Historikoen Analisi Teknikoko’ maketak ikusgai egongo dira urtarrilaren 30era bitarte. Eta Miren Doizek Tabakaleran jarritako instalazioak hilaren 31n itxiko ditu ateak. Azkenik, Museum Cemento Rezolan otsailaren 24ra arte egongo da irekita Elisa Valeroren ‘Concrete Work’ erakusketa.



Egitaraua prestatzen ari gara