Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Habic, Atari, Reflex Espazioa eta Peña Ganchegui Artxiboa MUGAKen arkitekturaren etorkizunari buruzko eztabaida herritarrei hurbiltzen

  • Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hamabi jarduera bultzatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa Departamentuak.
  • Lantegien, erakusketen eta hitzaldien bitartez, hiriko espazioari eta arkitekturak pertsonen bizitzan duen eraginari buruz gogoeta egitea du helburu.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren lehenengo edizioko hamabi jarduera babestuko ditu. 2017ko azarotik 2018ko urtarrila bitartean aurrera eramango dira ekintza horiek bai Donostiako Miramar jauregian –Bienalaren egoitza nagusia– bai hiriko beste sei lekutan ere. Habic clusterrak, Atari elkarteak, Reflex Espazioak eta Peña Ganchegui Artxiboak antolatutako jarduerak izango dira.

Era guztietako pertsonak elkartuko diren gune bat izateko bokazioarekin sortu da aurten MUGAK. Ez dio axola arkitektura interesatu edo ez, hiri-espazioari eta arkitekturak pertsonengan duen eraginari buruz gogoeta egitea da helburua.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak azpimarratu duenez, “departamentutik aktiboki gaude inplikatuta Gipuzkoako lurraldean sortzen diren ekimen desberdinetan, hirigintzari, arkitekturari eta espazio publikoei buruzkoetan. Eta Arkitektura Bienalak esparru aproposa eskaintzen digu ikasteko, eztabaidatzeko eta jardute proposamen berriak ezagutzeko Gipuzkoa osorako".

Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako jardueren artean herritarren lantegiak nagusituko dira, artistekin eta arkitekturako profesionalekin batera Atari elkarteak antolatuak. Horien artean dira Hegalariak lantegia, Marina Fernándezena: sei egun irauten dituen proposamen bat, Miramar jauregira hurbiltzen direnei arkitektura iheskorraren egitura bat sortzeko aukera emango diena material birziklatuetatik abiatuta. Experimenta SS lantegiarekin, Javier Peñak hiriko eraikin enblematiko bat erabiliko du, Donostiako Nautikoa, eraikin horren bitartez hiriari eta paisaiaren mugei buruz hausnartzeko. Txikienek ere parte hartu ahal izango dute jardueretan Perimetroak lantegiaren bidez, eta A fine line: Scenarios of Bordering Conditions ikus-entzunezkoen lantegia eskainiko da arkitekturako estudioen eta herritarren artean zubiak eraikitzeko.

Arkitekturaren atalean, Gipuzkoako Aldundiak Bienaleko erakusketa nagusietako bat taxutzea ahalbidetu du, Imanolena (Luis Peña Ganchegui, 1964): Aterpe bat Kantauri Itsasoaren aurrean, eraikitakoaren eta paisaiaren arteko lurraldearen mugan dagoen Mutrikuko obra horri buruz. Erakusketak azaroaren 6an, arratsaldean, zabalduko ditu ateak beste bederatzi erakusketarekin batera.

Aldundiak bultzatutako jarduerek lagundu egingo dute Bienaleko ekintzak hiri osoan zehar zabaltzen, besteren artean, Reflex Espazioaren Mugaz Gaindiko Mediateka ekimenaren bidez: ehun titulu baino gehiago, muga, identitatea eta lurraldea aztergai dituztenak, hiriko leku batetik bestera salto egingo duena (Ernest Lluch Kultur Etxea, Koldo Mitxelena, San Telmo Museoa, Tabakalera, COAVN eta Reflex Espazioa). Mugaz Gaindiko Mediatekaren jardueren esparruan, Dokufest zinemaldiko sei dokumental proiektatuko dira eta bi hitzaldi emango dira, bata Esteban Zamorarena, Hegoaldeko muga, eta bestea Jon Uriarterena, Gune Berriak/Muga Digitalak.

Gainera, departamentuak Habic clusterraren hainbat ekintzarekin bultzatuko du Bienalaren ikusgarritasuna, herrialde desberdinetako arkitekturako profesionalen artean proiektua hedarazteko.

Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako jarduerak:

Miramar jauregia: Imanolena (Luis Peña Ganchegui, 1964): Aterpe bat Kantauri Itsasoaren aurrean erakusketa, Peña Ganchegui Artxiboarena. Experimenta SS, Hegalariak, Perimetroak eta Basoa lantegiak, Atari elkartearenak, baita herritarren erakusketa ere, bienalean zehar egindako sortze lan guztiak bilduko dituena jauregian. Harremanak/Relaciones/Relations, Habic clusterraren erakusketa arkitekturan diziplina desberdinen artean dauden loturei buruz, euskal enpresek eraikin enblematikoetan egindako obren bitartez. Azkenik, Mugan bizi, mugarekin ezarritako elkarrizketa helburu duen erakusketa, hamaika artistarena eta Reflex Espazioak antolatua.

Koldo Mitxelena: Mugaz Gaindiko Mediateka eta Kosovoko Dokufest zinemaldiko hiru dokumentalen proiekzioak, guztiak Reflex Espazioak antolatuak.

San Telmo Museoa: Mugaz Gaindiko Mediateka eta Dokufest-eko hiru dokumentalen proiekzioak, guztiak Reflex Espazioak antolatuak.

Ernest Lluch Kultur Etxea: Mugaz Gaindiko Mediateka, Reflex Espazioak antolatua.

Tabakalera: Argazkigintza eta Arkitektura erakusketa Basque Living gunean eta Arkitektura: azala eta poetika erakusketa, biak Habic clusterrarenak. A fine line: Scenarios of Bordering Conditions, Atari elkarteak antolatua.

COAVNen egoitza Gipuzkoan: Mugaz Gaindiko Mediateka, Reflex Espazioak antolatua.

Reflex Espazioa: Mugaz Gaindiko Mediateka eta Bitamine, mugaren inguruan hiru lan maila hitzaldia.



Egitaraua prestatzen ari gara