José Manuel López-Peláez: “Arkitekturak bizitza garatzen den ingurunea hobetzeko proposamenak egin behar ditu”
1970 Urtarrila 1
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko katedradun emeritu José Manuel López-Peláezek Imanolena etxeari buruz hitz egingo du MUGAK bienalaren barruan emango duen konferentzian. Imanolena Mutrikun (Gipuzkoa) dago, eta bere egilearen ibilbideko funtsezko pieza da, baita Miramar Jauregian egingo den MUGAKen programa osatzen duen erakusketetako baten protagonista ere. Honako hau da konferentziaren izenburua: 'Desdibujar fronteras. Peña Ganchegui en la Imanolena' (Mugak lausotzen. Peña Ganchegui Imanolenan).
Bere hitzaldiaren bitartez Madrilgo arkitektoak "egilearen balioak eta garrantzia erakutsi nahi ditu, ez bakarrik garai hartako arkitekturaren panoramari dagokionez, baita haren sentsibilitateak egungo kulturari egin diezazkiokeen ekarpenak azaleratuta ere. Arkitektura hori muga fisiko eta denbora muga baten barruan uler daiteke, eta biak lausotzera jotzen du".
López-Peláezek Arkitekturako Sari Nazionala irabazi zuen 1971. urtean, eta berarentzat, Bienalean parte hartzeak “adituak biltzen dituen kongresu orok bezalaxe, gai jakin bati buruzko ikuspegiak partekatzeko aukera ematen du (kasu honetan "mugak" zentzu zabalean), eta hala, gai horri buruz gogoeta pertsonalak egiteaz gain, beste kide batzuekin jakintzak partekatzeko eta haiei buruz eztabaidatzeko eta ikuspegiak zabaltzeko parada bikaina da".
Katedradunarentzat “arkitekturak bizitza garatzen den ingurunea hobetzeko proposamenak egin behar ditu. Ezinbestekoa da arkitekturaren eta giza bizitzaren arteko harremanaren balioa ulertzea. Hori nola gertatzen den eta praktikan nola gauzatzen den gure diziplinaren eremutik harago dauden faktore askoren mende dago. Beste arte jarduera batzuk prozedura indibidualen bitartez gara daitezke, eta gero publikoari aurkez dakizkioke, oihartzun praktiko handiago edo txikiagoarekin. Nolanahi ere, arkitekturak baliabide ekonomikoak, sozialak eta politikoak eskatzen ditu, eta horiek, sarri, iragazkiak edo gaindi ezin daitezkeen oztopoak izaten dira hura gauzatzeko”.