Fatxadak oihalen antzera, MUGAKen erakusketa berri baten protagonistak
1970 Urtarrila 1
- Oteizaren eta Basterretxearen laguntzaile Jesús Jaureguik ‘Arkitektura: azala eta poetika’ erakusketa aurkeztuko du ostegunean. Egun eta toki berean, Tabakaleran, Jon Uriartek online eta offline munduen arteko tirabirak eta sortzen ari den muga-kontzeptu berria aztertuko ditu.
- ‘RCR Arquitectes. Sormen partekatua’ erakusketa ikusteko doako izen-emateetarako epea irekiko da. Arkitektura Eskolako ikasleek gidatuko dituzte bisitaldiak.
- Igandean, arkitektura txikienengana hurbilduko da, Bienalaren barruan haurrentzat programatu diren hiru lantegietako lehenaren eskutik.
MUGAK Euskadiko Nazioarteko I. Bienalaren barruan programatutako jardueren barruan, ostegun honetan Jesús Jauregui artista bilbotarrak Arkitektura: azala eta poetika erakusketa aurkeztuko du Donostian. Ozeano Atlantikoaren bi aldeetara egileak fatxadetan margotutako formatu handiko lanen errepasoa egiten du erakusketak.
Jaureguik, 15 urtean Jorge Oteizaren eta Nestor Basterretxearen laguntzaile izan zenak, formatu handiko olio-pinturetan (erakusketa honen arrazoia) jardun du bereziki azken hiru hamarkadetan, baina beste zenbait alor ere jorratu ditu, hala nola hiri-eskultura, grabatua, litografia eta esku-hartze eszenografikoak antzerki esperimentaletan. Gaur egun, ponente aktiboa da sormenari eta arteari buruzko unibertsitate eta zentro profesionaletan. Haren erakusketak Habic Klusterarren babesa dauka, eta Basque Living gunean egongo da zabalik, Tabakaleran, abenduaren 15era arte.
Ostegunean ere Jon Uriarteren ‘Gune berriak/Muga digitalak’ hitzaldia hartuko du kultura-zentroak, Espacio Reflex-ek antolatutako Mugaz gaindiko Mediatekaren jardueren esparruan. Hainbat artista eta ikertzaileren proiektuetatik abiatuta, Uriartek muga-nozio berriak hartuko ditu hizpide, eta gauza ukigarrien eta ukiezinen, offlinearen eta onlinearen arteko tirabiren bitartez “sortzen ari diren komunikazio eta gizarteratze modu berriak eta politika- eta ingurumen-inpaktua” azalduko ditu.
Haurrentzako lantegiak asteburuan
Asteburuan, Miramar Jauregiko jarduerak itzuliko dira. Ostiraletik igandera eraikineko hamar erakusketak berriz ere irekiko dira jendearentzat, eta nahi duenak dorrean sartzeko aukera ere izango du, bertatik Kontxako Badia ikusteko. Igandean arkitektura txikienengana hurbilduko da, Atari kultura-elkarteak Maushaus ideia-laborategiarekin elkarlanean haurrentzat antolatutako hiru lantegietako lehena hasiko delako. ‘Perimetroak. Oso gazteentzako lantegiak’ izeneko hiru lantegiko zikloa asteburu honetan hasiko da, mugen mugak eta boterea ardatz hartuko dituen Burbujas jardunaldiarekin. Gazteenentzako hurrengo hitzorduak abenduaren 3an eta urtarrilaren 12an (igandeak) izango dira, Miramar Jauregian.
RCR Arquitectes-en erakusketa ikusteko bisitaldi gidatuak
Ostiralean irekitzen da ‘RCR Arquitectes. Sormen partekatua’ erakusketa ikusteko bisitaldi gidatuetarako izena emateko epea. MUGAKen lehen edizio honen erakusketa nagusietako bat da. Herritarrek erakusketa ikusi ahal izango dute UPV/EHUren Arkitekturako Goi-mailako Eskola Teknikoko ikasleak lagun hartuta, eta arkitekturako profesionalek eta arkitekturan interesa duten guztiek ikasle horien ahotik izango dute Kataluniako estudio horren (Pritzker saria irabazi du aurten) sortze-prozesu osoaren berri.
Doako izen-emateak Arkitektura: azala eta poetika erakusketa/bazkarirako: bit.ly/2zTFwCA
Doako izen-emateak haurrentzako lantegietarako (6-11 urtekoak): info@maushaus.info