Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Aste honetan MUGAKek lantegi berezi bat hartuko du, ‘hula-hoopak’ eta guzti, baita arteari buruzko hitzaldiak, eta hiriak biziberritzeko oztopo diren arrazoiei buruzko eztabaida ere

  • Gaurtik (asteartea) hasita, doako eta jendeari irekitako ‘Hegalariak’ lantegiak egitura galkor bat sortuko du birziklatutako materialetik abiatuta, Miraman Jauregian.
  • Ostiral honetan, Euskadiko Arkitektura Bienalak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren babesarekin, ‘Dinamit(z)ando’ ekimenaren —herritarren, politikaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketa— lehen saioa egingo du.
  • Ostiralean, Tabakalerak zinema-saio bikoitza antolatuko du Thom Andersenen Los Angeles Plays Itself’ film luzearen inguruan.

 

MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura I. Bienalaren inaugurazio-astean hamabost erakusketa inauguratu dira, eta 50 hizlari baino gehiago Donostiara hurbildu dira arkitektura-sormenaren, etorkizuneko arkitekturako erronka sozialen edo egungo joera nagusien inguruan duten ikuspegia ekartzeko. Lehen astea amaiturik, Bienalak aurrera jarraitzen du, herritarrek arkitektura eta hirigintzari buruzko eztabaidetan parte hartzea bilatzen duten ekimen berriak eskainiz.

Gaurtik (asteartea, 14) aurrera, ‘Hegalariak’ izeneko lantegiak ezezagunen artean partekatutako espazio publikoak sortzeko ekimena bultzatuko du baterako zeregin baten bitartez: arkitektura-egitura galkorra eraikitzea ‘hula-hoopak’ eta birziklatutako materialak erabiliz, arkitekturaz ezer gutxi dakitenei ere arkitekturaren gainean jarduteko aukera emateaz gain, espazio publikoan esku hartzeko eta espazio berriak sortzeko aukera ere emango duena helburu bat partekatzetik abiatuta. Gaur arratsaldetik larunbat goizera bitarte, zinta itsaskorrez egindako eguzkitako koloretsuak lotuko dira elkarri, Miramar Jauregian finkatuta geratzeko. Atarik antolatzen du ekimena, Marina Fernández Extremadurako arkitektoa buruan.

Artea eta arkitektura

Nazioarteko Arkitektura Bienalak, artearen eta arkitekturaren arteko josturak ikertzeko ekimenarekin jarraituz, bi jarduera antolatuko ditu San Telmo Museoan, biak ere museoak Fernando Golvanorekin batera bultzatuak. Lehena gaur izango da, 19:00etan, Miguel Mesa del Castillo arkitektoaren eskutik. ‘KONSPIRAZIOA. Arkitekturaren eta artearen arteko sasiko muntadurak’ izeneko hitzaldia emango du Alacanteko profesionalak.

Asteazken eta ostegunean, berriz, Golvanok eta Xabier Lakak ‘Paisaia kritikoak’ mintegia gidatuko dute, artea eta arkitektura elkarri lotzen diren kasu jakin batzuei buruzko irakurketa kritikoak eginez. Gainera, Vetus Art, Ekain Artelanak, Altxerri, Kur Art eta Arteko galerietako bost erakusketek jendearentzat irekita jarraituko dute aste osoan, ‘Konexioak’ izenburupean

Gainera, aste honetan arteak eta arkitekturak Donostian elkarrekin bizitzen jarraituko dute, beste zenbait jarduerari esker. Batetik, Tabakalerak, MUGAKen esparruan, Thom Andersenen ‘Los Angeles Plays Itself’ lanaren —film luzeetan Los Angeles hiria nola ageri den eta Hollywoodek haren gainean duen eragina aztertzen duen ikus-entzunezkoa— bi emanaldi programatu ditu, baita zinemagile horri buruzko ‘Slow Writing’ liburuaren aurkezpena ere. Ostiralean izango da hori, 18:00etatik aurrera, arte garaikidearen zentroan.

Gizartea eta arkitektura

Joan den astean, ‘Nire hiria’ eta ‘Hiri mehatxatua: despertsonalizazioa, turismoaren masifikazioa eta gentrifikazioa’ mahai-inguruetan, literaturaren, soziologiaren edo kazetaritzaren munduko profesionalek jardun zuten gai horien inguruan. Ostiral honetan, berriz, ‘Dinamit(z)ando’ jardunaldia egingo da Miramar Jauregian. Aldez aurretik izena ematea eskatzen duen jardunaldi horren helburua da hiriak biziberritzeko oztopoak zartatzea, behin oztopo horiek zein diren identifikatu ondoren, eta, ildo horretan, hirien bilakaera hori dinamizatzea, arkitekturaren, politikaren edo beste alor batzuen pertsonen arteko elkarrizketaren bitartez. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak bultzatutako bi lan-saioetako lehena izango da, eta bigarren hitzordua abendurako utziko da.



Egitaraua prestatzen ari gara