MUGAK Bienala 18 herrialdeko 200 arkitektoren aurrean aurkeztuko dute, nazioarteko proiekzioa bultzatzeko
1970 Urtarrila 1
- Habic Klusterrarekin lankidetzan, Donostian, azaroaren 7tik urtarrilaren 31ra egingo den euskal topaketa hau ospe handiko profesionalen aurrean ezagutarazten ari da hainbat forotan joan den asteaz geroztik.
- Donostiako Bienalak, EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasle guztiak hartzeaz gain, Montpellier eta Bordeleko (Frantzia), Reusko, Irungo eta Gasteizko ikasleen bisita ere jasoko du.
Donostian, azaroaren 7tik urtarrilaren 31ra egingo den Euskadiko Arkitektura Bienalak (MUGAK) dagoeneko hasi du bere nazioarteko proiekzioa. Topaketa aurten egingo da lehen aldiz, eta Ekipamendu, Diseinu eta Zuraren arloko euskal enpresak biltzen dituen Habic Klusterraren lankidetzari esker, atzerriko profesional askoren aurrean ezagutaraziko da. Lehen hitzorduetako bat gaur goizean bertan dugu Tabakaleran, Eskandinaviako arkitekto talde baten aurrean.
Joan den asteaz geroztik urtarrilera arte, euskal enpresen eta 18 herrialdetik iritsitako nazioarteko arkitektoen artean erregularki antolatzen diren misio komertzialen agendan sartuta egongo da Bienala.
Misio komertzial horietako lehenengoan, Txilen, Kolonbian, Perun, Ekuadorren eta Argentinan proiektu garrantzitsuak egin dituzten Latinoamerikako hogei bat profesional iritsi ziren Euskadira euskal diseinuaren kalitatea zuzenean ezagutzera. MUGAK Bienaleko komisario Pedro Astigarragak Bienalak arkitekturaren munduaren eta gizartearen arteko topaleku gisa izango dituen ildo nagusiak aurkeztu zituen, eta topaketaren garaian Donostiara etortzera gonbidatu zituen bertaratutakoak.
Gaur, aurkezpena Donostian, Eskandinaviako arkitektoen aurrean
Hurrengo hitzordua gaur goizerako aurreikusita dago. Hain zuzen ere, Eskandinaviako (Dinamarka, Norvegia eta Suediako) arkitekto ospetsu batzuen aurrean aurkeztuko da Bienala. Habic Klusterrak Tabakalerako atarian duen gunean izango da.
Bienala, halaber, sektoreko topaketa ospetsuetan azalduko da, hala nola Valentzian, irailaren 19tik 22ra bitarte egingo den Habitat eta Diseinu Azokan. Handik egun batzuetara, urriaren 3tik 6ra bitarte, Mexikoko hiribururaino iritsiko da MUGAK Bienala. Bertan, Habic Klusterrak Basque Living izeneko ekitaldia egingo du ehun bat arkitektoren aurrean. Halaber, bere bulego iraunkor berria eta ‘made in Basque Country’ diseinuko ‘showroom’ bat aurkeztuko ditu.
Urriaren 18ko astean, antzeko ekitaldi bat ikusi ahal izango da Donostian, eta Frantziako hogeita hamar bat arkitekto eta dekoratzaile izango ditugu bertan (herrialde hori izan da oraingo gonbidatua). Ekitaldi horretan ere emango da ezagutzera Bienala. Baita handik beste egun batzuetara ere, Egipto eta Jordaniako hamar bat arkitektok egingo duten bisitaldian.
MUGAK Bienalaren inaugurazioko astea eta azaroaren 7tik 10era bitarteko ekitaldiak amaitu ondoren, Bienalaren nazioarteko jarduera ez da etengo. Azaroaren 20an, Asiako hego-ekialdeko (batez ere Singapur, Indonesia, Malasia eta Filipinetako) arkitektoak izango ditugu, eta urtarrilaren hasieran, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako beste hogei bat profesional.
Ikasleak Bienalean
Donostiako Bienalak interes berezia piztu du Estatuko eta nazioarteko arkitektura eta diseinuko eskoletan. MUGAK Bienaleko ekintzarik berezienetako bat Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasle guztiek inaugurazioko astean (azaroaren 6tik 10era bitarte) egoitza nagusira (Miramar Jauregira) egingo duten bisitaldia izango da. Bienala, gainera, Montpellier eta Bordeleko (Frantzia) eta Reusko eskoletako ikasleen bisitaldiak kudeatzen ari da. Horiez gain, Irungo Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroko eta Gasteizko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasleak izango ditugu MUGAK Bienalean.
MUGAK Bienalaren barruan, ehun bat ekitaldi egingo dira (erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak eta abar), eta gune batzuk prestatuko dira profesionalentzat, akademikoentzat, enpresaburuentzat, unibertsitateko ikasleentzat eta herritarrentzat, oro har. Egoitza nagusia Miramar Jauregia izango da, baina beste hamabost gune azpimarragarri ere izango ditugu hiriaren barruan.