RCR Arquitectes-ek: “Kalitatezko hiri espazio publikoan konfiantza izateak gizarte kohesionatuago bat lortzen du”
1970 Urtarrila 1
- 2017 Pritzker sariak bere 25 urteko ibilbidea azaltzen du "Sorkuntza partekatua" erakusketan eta Rafael Arandaren hitzaldi baten bidez.
‘MUGAK’ Euskadiko Arkitekturako Nazioarteko I. Bienalak jantzi dotoreenak atera ditu 2017ko Pritzker saria, RCR Arquitectes estudio katalana, aurkezteko. Eta bi proposamen egiten dizkigu: “Sorkuntza partekatua" erakusketa, azaroaren 6an Miramar Jauregian inauguratuko dena, eta Rafael Arandak, estudioaren sortzaileetako batek, hurrengo egunean emango duen inaugurazio hitzaldia.
Erakusketa Bienalaren inaugurazio ekitaldiaren egun berean irekiko da, eta lehendakaria izango da ekitaldiaren buru. Bertan egongo da ere Rafael Aranda, eta hark gidatuko ditu agintariak lehen bisitaldian.
‘Sorkuntza partekatua’ erakusketaren bidez, estudio katalanak: “Sorkuntza partekatuaren unibertsoa deitzen dugun hori aurkeztu nahi dugu; gure egitekoa arkitekturaren munduan”. Erakusketa irekita egongo da urtarrilaren 31 arte, eta RCR Arquitectes-ek 25 urte baino gehiagotan egindako lana egongo da ikusgai, sormen prozesuaren barrena egindako ibilbide batean, akuareletatik hasita, non, jarduera profesionalaren hasieran, proiektuari buruzko lehen ideiak eta kontzeptuak jasotzen diren, ideia horien gauzapen fisikora, eraikitako obretan ikus daitekeena.
Rafael Arandak eskainiko du, halaber, MUGAK bienalari hasiera emateko konferentzia, azaroaren 7an, asteartean, 11:30etik aurrera, Miramar Jauregian. RCR Arquitectes estudioak interes handia du Euskadiko Bienalean parte hartzeko MUGAKek “arkitektura gizarteari helarazteko jarri duen indar guztia” dela eta. “Arkitekturak bizitzarako espazioak definitzen ditu, eta eragin handia du harengan eta pertsonengan. Gizarteari horretaz jabetzen laguntzea biziki interesgarria da guretzat; izan ere, asmo horrekin berarekin sortu genuen duela lau urte RCR BUNKA fundazioa” azaldu dute.
Kataluniako estudioaren ustez, arkitektura hiri orekatuagoak lortzeko bitarteko bat izan daiteke “baldin eta espazio publikoaren baliotik pentsatuta badaude”. Eta honako hau erantsi dute: “Kalitatezko hiri espazio publikoan konfiantza izateak pertsonen arteko beste harreman maila bat sortzen eta gizarte kohesionatuago bat lortzen du. Horretarako, ezinbestekoa da proiektu egituratzaileak lantzea maila guztietan. Ingurunea eta hura kalitatezko espazioen alde nola eralda daitekeen ulertzea, publikotik pribatura eta alderantziz, jariakortasun inguratzaile eta integratzaile batean, non hutsa eta natura presente egongo diren zentzurik zabalenean”.