Sou Fujimotok emango dio amaiera `MUGAK´ I. Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hasierako asteari
1970 Urtarrila 1
- Sou Fujimoto arkitekto japoniar ospetsuak hitzaldi bat emango du azaroaren 10ean erakusketaren lehenengo asteari amaiera emateko.
- Donostian garatuko da erakusketa azaroan, abenduan eta urtarrilean. Azaroaren 7an zabalduko ditu ateak.
Sou Fujimoto arkitekto japoniar ezaguna izango da protagonista ‘MUGAK’ I. Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hasierako astearen amaierako hitzaldian. Azaroaren 10ean (ostirala) izango da hitzaldia, eta arkitekturako lehenengo erakusketa horretako ekitaldi nabarmenetako bat ere izango da. Donostian izango da MUGAK azaroaren 7tik aurrera, eta beste zenbait ekitaldirekin jarraituko du urtarrilaren amaiera aldera arte. Erakusketa, hitzaldi eta mahai-inguru guztietarako sarrera doan izango da.
Japoniar arkitekto ospetsuak bere estudio propioa –Sou Fujimoto Architects– jarri zuen Tokion 2000. urtean, berak 29 urte baino ez zituenean. Architectural Review Awards saria lortu zuen handik gutxira Arkitekto Gazteak kategorian, hiru urtez jarraian lortu ere, eta era guztietako sariak irabazten hasi zen, kreazio-lan harrigarriak sortuz. Mundu osoan proiekzio handieneko arkitektoetako bat dugu gaur egun.
Hainbat obra eskaini dizkigu bere karreran, hala nola House N (Oita, Tokio, 2008), Final Wooden House, (Kumamoto, Kyushu Island, Japonia, 2008), Itabashi-ku apartamentuak (Tokio, 2010) edo Serpentine Gallery guneko pabiloia (Hyde Park, London. 2013). Kreazio-lan horietan guztietan, bere estiloa eta arkitektura ulertzeko bere modua islatzen ditu Fujimotok. Bere egitura arin eta itxitura iragazkorrengatik da ezaguna, natura arkitekturarekin mimetizatzen saiatzeagatik, alderdi naturala eta artifiziala, alegia. Azken batean, mugak lausotzen eta espazio berriak sortzen saiatzeagatik.
`MUGAK´en nazioarteko ikuspegia
Uztailaren 7an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala aurkeztu zuen erakusketako komisario Pedro Astigarraga arkitekto donostiarrarekin batera. Biek nabarmendu zutenez, erreferentzia eta arkitekturaren eta kulturaren profesionalen eta oro har herritarren arteko elkargune gisa kokatu nahi ditu Donostia eta Euskadi erakusketaren ikuspegi nazioarteko eta diziplina anitzekoak. Hori horrela, begirada askoren erdian egongo dira datorren udazkenean Donostia eta Miramar Jauregia, MUGAKen ekitaldien egoitza nagusia.
Helburu horiek lortzeko asmoz, berrogeita hamar ekitalditik gora bilduko ditu programak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak eta publiko guztientzako espazioak barnean hartuta. Bienaleko ekitaldi nabarmenetako baten protagonista RCR Arquitectes estudioa izango da, aurten Pritzker Saria irabazi duena, arkitekturaren arloan dagoen saririk handiena. RCR estudioko bazkideak Donostiara etorriko dira ‘Sormen partekatua’ izenburuko beren erakusketarekin, non estudioaren obraren bilakaera eta lanbideari buruz duten ikuspegi berezia errepasatzen den. Gainera, inaugurazio-hitzaldian parte hartuko du.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bultzadarekin sortu da MUGAK, eta beste administrazio batzuekin eta kulturaren eta arkitekturaren esparruko erakundeekin ezarritako lankidetza publiko-pribatuarekin. Erakunde laguntzaileen artean izango dira Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren bitartez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Tabakalera. Erakunde parte-hartzaileen artean izango dira, halaber, Atari (Euskadiko Kultura Arkitektonikoaren Elkartea), Ancora Herritarren Elkartea, Reflex Espazioa, Peña Ganchegui Artxiboa, Habic klusterra eta Cemento Museum Rezola.