Tabakalerak arkitekturaren mugak aztertuko ditu
1970 Urtarrila 1
- Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren lehen edizioa dela-eta, Tabakalerak bi artistaren, Pernille With Madsen-en eta Miren Doizen, esku-hartzeak hartuko ditu.
- Tabakalerak antolatutako egitaraua zine-programa batekin eta diseinu ireki eta fabrikazio digitaleko lantegi batekin osatuko da.
Urritik urtarrilera Donostian egiten ari den Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren lehen edizioaren baitan, Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak hainbat jarduera antolatu ditu.
Batetik, bi artistak, Pernille With Madsen-ek eta Miren Doizek, esku-hartzeak egingo dituzte Tabakalerako espazio arkitektonikoan. Lehenengoa azaroaren 9an inauguratuko da eta bigarrena abenduaren 1ean, eta biak denbora luzez bisitatu ahal izango dira. Bestetik, zine-programa espezifiko bat ere prestatu du Tabakalerak azaroaren 17rako: Slow Writing: Thom Andersen on Cinema liburuaren aurkezpena eta zinearen eta hiriaren arteko harremana aztertzen duen Los Angeles Plays Itself filmaren proiekzio bikoitza. Azkenik, azaroaren 6tik 9ra, Hirikilabsen diziplinarteko lantegi bat eskainiko da eta bertan fabrikazio digitalaren tresnen eta ezagutza partekatzeko moduen arteko mugak aztertuko dira.
Arkitekturaren diziplinari lotutako arazoekiko kezka ia jaiotzatik izan da Tabakaleraren programa publikoaren parte. Hiria eta bestelako politikak edo Cristina Enea Fundazioarekin lankidetzan antolatutako Arkitektura: film-mintzairak proiektuak horren adibide garbi dira. Horrelako programen bidez hasi zuen Tabakalerak gai hauei buruzko hausnarketa, arkitekturaren dimentsio imaginarioari arreta berezia jarriz. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro gisa, Tabakalerak misio du dimentsio honek eskaintzen dituen aukerekin eta baliabideekin lan egitea; izan ere, askok kontrakoa uste duten arren, horrek guztiak gure inguruko mundu materialean garrantzi handiko eraginak sortzen baititu. Horregatik guztiagatik erabaki du Tabakalerak modu aktiboan parte hartzea nazioarteko izaera duen lehen bienal honetan.
Tabakalerak bienalerako antolatu duen programa
Hona hemen Tabakalerak antolatu dituen jarduerak Euskadiko Nazioarteko I. Arkitektura Bienalerako:
Azaroak 6-9
DISEINU IREKIA ETA FABRIKAZIO DIGITALAREN MUGAK
17:00-20:00 ES
Hirikilabs
Lantegiak arkitekturatik hurbil dauden gaietan fabrikazio digitaleko tresnekin egindako esperimentazioa izango du ardatz. Horretarako, gogoetara zuzendutako planteamendua proposatuko da hasiera batean eta, ondoren, fabrikazio digitaleko tresnak kasu praktiko batean erabiltzera pasa ahal izateko. Horrez gain, prozesuan diseinu irekiaren printzipio eta filosofiari erantzuten saiatuko gara, lantegian sortzen diren proposamenak etorkizunean ingurune errealean aplikatu ahal izateko dokumentatzea posible den planteatuz.
Azaroak 9 - abenduak 9
STRUCTURE FOR ELECTRICAL OUTLETS. PERNILLE WITH MADSENEN ESKU-HARTZEA
Inaugurazioa: azaroak 9, 19:00.
2. solairuko hall-a
Instalazio hau erakusketa-gunearen inguruan dauden hiru elektrizitate-harguneren inguruan eraikiko da. With Madsen, lehendabizikoz Tabakalera bisitatu zuenean, konturatu zen “edanleku” gisa erabiltzen zirela entxufeak eraikinean. Erabiltzaileek eskultura moduko pila txikiak egiten dituzte euren motxila eta txaketekin, euren gailu digitalak bateriaz betetzeko entxufatzen dituzten bitartean. Berak ere edanleku elektriko horiez elikatu nahi du bere hiru lan proiektatzeko: Building Ruins I, Building Ruins II eta Collapse.
Azaroak 17
LOS ANGELES PLAYS ITSELF
18:00
Zinea, 1. Aretoa
3,5 €
Zinemak hainbat paisaia begiratzen erakutsi badigu, kontrako zentzuan ere egin daiteke bidaia bera? Arkitekturak eta hirigintzak erakutsi diezagukete filmak ikusten? Galdera hauei guztiei erantzunak topatzen hasteko, programazio bikoitza prestatu da. Alde batetik, klasiko garaikide baten proiekzioa; irudimen zinematografikoa eta hirigintzaren arteko harremana planteatzen duen film klasiko horietako bat. Los Angeleseko hiria zinemak nola aurkeztu duen aztertzen duen film-saiakera: Thom Andersen-en Los Angeles Plays Itself (2003). Zikloa Slow Writing: Thom Andersen on Cinema liburuaren aurkezpenarekin osatuko dugu, María Palacios Cruz koeditorearen eskutik.
Abenduak 1-Urtarrilak 31
MIREN DOIZEN ESKU-HARTZEA
Inaugurazioa: abenduak 1, 19:00.
Eskailera, lehen solairua
Miren Doiz Tabakaleraren eraikinaren arkitekturan oinarrituko da bere esku-hartzea gauzatzeko, eta arkitekturatik ateratako formak erabiliko ditu espazioa eraldatzeko helburuarekin. Forma horiek errepikatu, ebaki eta aldatu egingo ditu. Horretarako, gainera, ez du pintura bakarrik erabiliko, beste esku-hartze batzuetan egin duen bezala; beste material batzuk ere erabiliko ditu, horietako asko zentroko material birziklatuak. Horrela, etengabeko elkarrizketa bat sortuko du espazioaren eta berak sortzen eta jasotzen dituen esperientzien artean.
Programazio gehiago Tabakaleran
Arestian aipatutako Tabakalerak antolatutako jarduerez gain, Tabakalerak beste ekintza batzuk ere hartuko ditu: Mugaz gaindiko mediateka, konexioak sortzea eta ikuspuntu desberdinak partekatzea helburu duen tamaina txikiko edukiontzi higikorra, barne hartzen dituena mugaz gaindiko gaiari buruzko ehun bat liburu, pelikula eta dokumental; eta Atarik antolatutako A Fine Line: Scenarios of bordering conditions lantegia.