Donostian ehundik gora jarduera antolatuko ditu MUGAK Arkitektura Bienalak
1970 Urtarrila 1
- Horien artean aipatzekoak dira 25 erakusketa, gehienak aldi berean eskainiko direnak, 30 hitzaldi, 13 tailer, 7 jardunaldi, 4 mahai inguru, 2 interbentzio, 2 mintegi, eta Arkitektura Ikastegiaren kongresu eta argazki lehiaketa bana.
- Gaur aurkeztu da egitaraua. Azaroaren 7ko inaugurazio ekitaldian hitzaldi bat eskainiko dute RCR Arquitectes elkarteko Rafael Arandak eta Sou Fujimoto japoniarrak. Era berean, aipatzekoak dira protagonista Alan Tavés –Le Corbusierren bi ikasle bizidunetatik bat– eta Solano Benítez eta Gloria Cabral paraguaitarrak.
- Miramar Jauregia izango da ekitaldiko egoitza nagusia, eta bertan egongo dira ikusgai azaroaren 6an batera eskainiko diren 10 erakusketak.
Aste batzuetan arkitekturak hartuko du Donostia. MUGAK Euskadiko Nazioarteko Bienelak ehunen bat ekitaldi biltzen dituen egitaraua prestatu du lehenengo edizio honi begira, erakusketak eta hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak, instalazioak, mintegiak, kongresu bat eta argazki lehiaketa bat tartean. Doakoa izango da guztietarako sarrera.
Jada urrian zehar aurretiko jarduera batzuk egiten ari dira, baina azaroaren 6a izango da egun handia, bienal honetako egoitza nagusi Miramar Jauregiak ateak zabalduko baitizkio aldi berean antolatutako 10 erakusketari. Gainera, beste 15 erakusketa izango dira hiri osoan barna, esate baterako Koldo Mitxelenan, Tabakaleran, Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (COAVN), UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, Cemento Rezola Museoan, Santa Teresa komentuan eta hiriko bost arte galeriatan, Altxerri, Arteko, Ekain, Kur eta Vetus Art galerietan.
Azaroaren 6ko inaugurazio ekitaldian, astelehenean, aurtengo Pritzker saria irabazitako RCR Arquitectes elkarteko hiru bazkideetako bat izango dugu gurekin, Rafael Aranda. Berak pertsonalki gidatuko du Kataluniako estudioaren erakusketa –Sorkuntza partekatua– ikusteko lehen bisitaldia. Gainera, MUGAKen sarrera hitzaldia eskainiko du biharamunean.
Lehen mailako hizlariak
Bienaleko inaugurazio asteak, azaroaren 6tik 10era arte, hartuko ditu hitzaldi nagusiak. Arandaz gain, aipagarriak dira Solano Benítez eta Gloria Cabral paraguaitarrek eta Gillermo Zuaznabarrek eta José Manuel López-Peláezek eskainiko dituzten hitzaldiak, guztiak asteazkenean, hilak 8an. Le Corbusierren bi ikasle bizidunetako batek, Alain Tavések, oso hitzaldi interesgarria eskainiko du ostegun goizean, hilak 9an, Oxfordeko Unibertsitateko irakasle Igor Calzada irakasleak bezala.
Aste horretako itxiera ekitaldian, ostiralean, hilak 10ean, gaur egun nazioarteko arkitekturan bere lekua lortu duen gazte nabarmenetako bat izango dugu gurekin, Sou Fujimoto japoniarra.
Eta horiei arkitektura modernoaren alorreko beste izen gazte batzuk batuko zaizkie, formatu arineko hitzaldiak eskainiko baitituzte Javier Puldain, François Chastanet, Ibon Salaberria, Jon Begiristain, Ignacio Quemada, Iñigo Beguiristain, Juan Mera eta Atxu Amann arkitektoek.
25 erakusketa
Miramarren 10 erakusketa eskainiko dira batera. RCR Arquitectes elkarteak antolatutakoarekin bat ikusi ahal izango dira jauregi honetan Euskal Arkitektura Gazteari emandako Peña Ganchegui Sariaren finalisten erakusketa: Peña Ganchegui Artxibategiaren 'Aterpe bat Kantauri Itsasoaren aurrean', Maider Lopezen 'Basoa'; 'Faisaien uhartea. Denboraren atari bat', Guillermo Sánchez Arsuagarena, 'Mugan Bizi Juan Aizpitarterena (Espacio Reflex); 'La Rivíère du Bidassoa' eta '7 zelatari eta dorretxe 1', biak Gillermo Zuaznabarrenak. Gainera, jauregiko bigarren solairuan, bi erakusketa eskainiko dira, 'Harremanak-Relaciones-Relations' izenburukoa bata, Habic Clusterrarena, eta 'Erakusketa, Argazkilaritza eta Arkitektura' izenburukoa bestea, Jorge Allenderena. Horiek guztiak batera ikusi ahal izango dira azaroaren 6tik aurrera.
Egoitza nagusitik kanpora ere izango dira erakusketa gehiago. Aipatzekoak dira Koldo Mitxelenan egingo diren batzuk: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren 2016ko Sarietan aurkeztutako 10 lan onenekin osatutako erakusketa, Paz Martinen 'ENvejezando' proiektua eta Arkitektura Eskolak (AGET-EHU) antolatutako 'Gipuzkoa Brut' erakusketa.
Bestalde, 'Concrete World' izenburuko erakusketa eskainiko du Elisa Valerok Cemento Rezola Museoan. Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan 'biziMUGAK-vivirMUGAK' erakusketa eskainiko da Bienalaren inguruan antolatutako argazki lehiaketan aurkeztutako lan onenenik apailatua. Gainera Donostiako bost arte galeria bilduko dira erakusketa ibilaldietara: Altxerri, Ekain, Arteko, Kur eta Vetus Art.
Era berean, solastatzeko guneak izango dira hirian barna antolatutako hamabosten bat gunetan banatutako ehunen bat ekitalditan. Miramar Jauregian bi mahai inguru antolatu dira pentsalari ospetsuekin. Asteartean, azaroak 7, eztabaida bat izango da 'Nire hiria' kontzeptuaren inguruan, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga eta Fernando Savater izango dira solaskideak. Asteazkenean, hilak 8, Soledad Gallego-Díaz kazetariak gidatuko du gaitzat ‘Hiri mehatxatua: depersonalizazioa, turismoko masifikazioa eta gentrifikazioa’ izango duen mahai ingurua, bertan izango dira Josep María Montaner, Manuel Vicent idazlea eta Igor Calzada.
Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren kongresuak –ikasle guztiak eramango ditu Miramar Jauregira inaugurazio astean–, besteak beste Atari taldearen eskutik egingo diren tailerrek, Espacio Reflex plataformaren 'mugaz gaindiko mediateka' erakusketa ibiltariak, Tabakalerako eta San Telmoko proiekzioek, arte erakustaldiek, musika emanaldi batzuek eta beste jarduera askok arkitekturarekin senidetutako hiri bihurtuko dute Donostia urtarril amaierara arte.