Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Frantziako arkitektoen ordezkaritza zabal batek parte hartuko du MUGAK Arkitektura Bienalean

  • Bordeleko eta Montpellier-eko arkitekturako ikasleak eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak elkarrekin egongo dira topaleku berean; 700 ikasle elkartuko dira MUGAK Bienalaren egoitza nagusia den Miramar Jauregian
  • Le Corbusier-en ikasle Alain Tavés-ek irrikaz espero den hitzaldi bat emango du, baita François Chastanet-ek ere

 

MUGAK Euskadiko I. Nazioarteko Bienala Donostian egingo da aurtengo azaroaren 6tik 2018ko urtarrilaren 31ra bitarte eta arkitekturako profesional frantsesen ordezkaritza handia izango du. Bienalaren asmoa diziplina horren erronkei eta mugei buruzko gogoeta egitea da, arkitektoentzat izango da, baina baita herritar guztientzat ere.

Arkitekto aipagarrienen artean, Parisko Alain Tavés nabarmendu behar dugu. Tavés Le Corbusier-en estudiotik bizirik dauden bi ikasleetako bat da eta Zurich-eko Pabiloi ezagunaren txokoak erakutsiko dizkie MUGAK Bienalera bertaratzen direnei. Beste arkitekto frantses bat ere, François Chastanet, Bordeleko diseinatzailea eta irakaslea, Donostiara etorriko da Les ècritures urbaines, du graffiti à la signalètique architectaturale hitzaldia ematera. Beste hizlari nabarmen batzuk Rafael Aranda –Kataluniako RCR Arquitectes estudiokoa eta Pritzker 2017 Saria jaso duena– eta Sou Fujimoto japoniarra izango dira.

Lanbideari, lanbidearen egungo egoerari eta lanbideak aurre egin beharko dion etorkizunari buruzko gogoeta egiteaz gain, MUGAK Bienalak arkitekturaren mugak –ukigarriak eta ukiezinak– aztertzeko aukera emango du. Ildo horretan, Guillermo Sánchez Arsuagaren Faisaien uhartea erakusketak munduko kondominio (bi herrialdek edo gehiagok elkarrekin administratutako lurraldea) antzinakoenean eta txikienean, hots, faisaien uhartean (Ile de la Conférence-Konpantzia) jarriko du arreta. Bidasoa ibaian dagoen uharte horrek 6.820 metro karratu ditu, Espainia eta Frantzia bereizten ditu, eta, era berean, sei hilabetean behin eskuz aldatzen den uharte bakarra da, kudeaketak bi herrialdeen artean txandakatzen baitira. 

Erakusgai jarriko diren erakusketen artean, bienaleko egoitzetako batean, hots, Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegian, Ondare Fabrika egongo da. Erakusketa hori 2015.-16. urteetan antolatu zen L´École Nationale Supérieure D’Árchitecture et De Paysage de Burdeaux (ensapBx) eta Bordeaux Patrimoine Mondial, Centre d´interprétation de lárchitecture et du patrimoine (CIAP) de Bordeaux antolatzaileen laguntzarekin. Erakusketaren helburua honako hau da: nola sustatu behar diren arkitektura garaikideko proiektuak eraikitako ondarea kaltetu gabe.

Unibertsitate-lotura estuak

Bienalari esker are gehiago estutuko dira unibertsitate-loturak Donostiaren eta Bordeleren artean. Donostiako Arkitektura Eskolak, 2007. urteaz geroztik, ikasketa-lankidetza estua du, AEN (Akitania, Euskadi, Nafarroa) unibertsitateen arteko sarearen esparruan, École Nationale Supérieure d'Architecture et de Paysage de Bordeaux (ENSAPBx) goi-mailako eskolarekin. Lankidetza horren gailurra 2015. urtean iritsi zen, bi unibertsitateek titulazio bikoitzeko hitzarmen bat sinatu zutenean.

Bienalak irauten duen bitartean, MUGAK bereiziko duen elementu bat izango da bere egoitza nagusira ikasleak bertaratuko direla inaugurazio-aste osoan, hau da, azaroaren 6tik 10era bitarte. Bordeleko eta Montpellier-eko arkitektura-fakultateetako ikasle talde bat eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako ikasle guztiak eraikin berean elkartuko dira, Miramar Jauregian, hots, MUGAK Bienalaren egoitza nagusian. Guztira, etorkizuneko 700 arkitekto baino gehiago.

Igor Calzada Oxfordeko Unibertsitateko akademikoak, smart citietan eta Akitania-Euskadi euroeskualdea bezalako euroeuskaldeetan aditua denak, Au milieu de l’utopie des illusions et les rêves: les réalités qui se chevauchent du cité Basque, villes intelligentes et entrepreneuriat urbain hitzaldia emango du.

Bestalde, Séverine Mazetek –besteak beste, Sozietatearen Salmenta Plana Gidatzea, eta Habitat Sénior Services marka gidatzea eta abiaraztea izeneko proiektuen koordinatzaile denak– Etxeak zahartzen ari den gizarte batean izeneko jardunaldietan parte hartuko du. Hitzaldi horietan aztertuko da arkitekturak nola egin diezaiokeen aurre gure gizarteak gaur egun duen erronka honi: ingurunea egokitzea gero eta ugariagoak diren adinekoei, nahi izanez gero beren etxeetan bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten.

Frantziako arkitekturak MUGAK bienalean izango duen parte-hartzea honako izen hauekin osatuko da: Olivier Brochet eta Frédéric Bertrand, Parisko Belleville Arkitektura Eskolako irakaslea eta IPRAUDeko ikertzailea, Habiter la metropole. Un enseignement de projet sur l’habitat à l’ENSA de Paris-Belleville lantegia emango duena.

Donostia aukeratu da Bienalaren egoitza gisa historikoki muga-hiria izan delako hitzaren zentzu hertsienean. Donostia inguratzen eta biltzen duten mendien, Kantauri itsasoaren eta Urumea ibaiaren artean dago, Frantziarekiko mugatik hurbil. Donostia, gainera, Kulturaren Europar Hiriburu izan zen iaz. 



Egitaraua prestatzen ari gara