Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Etxebizitzaren arkitekturaren etorkizunari buruzko jardunaldi batek itxiko du MUGAK Bienala, urtarrilaren 26an

  • Santa Teresa komentuan egingo dira hitzaldiak, eta Euskadiko, Nafarroako, Madrilgo zein Bordeleko 14 profesionalen txostenak izango dira ardatz nagusiak.
  • Hiriak birsortzeko modu berrien adibide gisa, hiru hitzaldi desberdinetan Euskadiko hiriburuetako Zorrotzaurreren, Txomin Enearen eta Koronazioaren proiektuen xehetasunak azalduko dira
  • Urtarrilean zehar erakusketak izango dira Miramar jauregian, Tabakaleran, Santa Teresa komentuan, UPV/EHUren Arkitektura Eskolan, Museum Cemento Rezolan eta Arteko Galerian.

 

Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren (MUGAK) lehenengo edizioak urtarrilaren 26an itxiko du bere hitzaldi zikloa, Etxebizitzaren arkitektura’ izeneko jardunaldiarekin. Donostiako Santa Teresa komentuan egingo den jardunaldi horretan, 14 profesionalen ikuspegia jasoko da. Goiz osoan zehar, hurbiletik ezagutu ahal izango dira bizitegiaren arloko arkitekturaren etorkizunera begira dauden proiektuak, eta, gainera, ‘Housing the Basque Country. Etxebizitza Publikoa Euskadin’ erakusketaren lehenengo zehaztasunen berri emango da. Erakusketa hori, hain zuzen, Bilbon egingo da, 2018. urtean, eta Asier Santas eta Luis Suárez arkitektoek emango dituzte azalpenak.

Eztabaidaren muina izango da, hain justu, zer erronka dituzten arkitekturak eta hirigintzak gaur egungo gizartearen, eta, batez ere, etorkizunekoaren premiei erantzungo dieten etxebizitza eredu berrien sorkuntzan. Horri buruzko gogoeta egiteko, Madrilgo, Bordeleko, Iruñeko eta Euskadiko hiru hiriburuetako txostengileak izango dira, eta proiektu berritzaileen zein une honetan ezartzen ari diren lan ildoen zehaztasunak aletuko dituzte.

Gonbidatutako profesionalen artean dago, besteak beste, Hessamfar y Verons frantziar estudioa, “proiektu guztietan, lehenengo faseetatik, ingurumen kalitatearekiko konpromisoaren ikuspegia” txertatzeko lan egiten duena, “arkitekturak berori txertatuta dagoen paisaia errespeta eta indartu dezan”.

Eraikuntza pasiboarekin edo kontsumo ia nuluarekin (‘passivhaus’) erlazionatutako proiektuez gainera, edo “herritarren partaidetzarako metodologien bitartez hiriaren hirigintza eta gizarte berroneratzearen” aldeko apustua egiten duten ikuspegiak dituzten proiektuez gainera, nabarmentzekoak dira beste hainbat izen ere; hala nola Madrilgo Blanca Lleó, zeinaren proiektuek “bizimodu pribatuaren eta espazio publikoen arteko bitarteak” lantzen dituzten. Bestalde, Aurora Fernándezek eta Javier Mozasek (Gasteiz), alegia, ‘a+t’ aldizkariaren sortzaileek, ikerketaren eta analisiaren bitartez hiri trinkoa sustatzeko egin duten apustuaren berri emango dute.

Jardunaldia amaitzeko, hiri berroneratzea bultzatzeko modu berriak aurkitzeko helburuarekin Euskadin sustatzen ari diren azken garapenak azalduko dira. Horretarako, hainbat erakundetako ordezkariek hiru euskal hiriburuetan egiten ari diren proposamenak azalduko dituzte: Zorrotzaurre (Bilbo), Txomin Enea (Donostia) eta Koroatzea (Gasteiz). Jardunaldian parte hartzeko izen-ematea doakoa izango da, eta esteka honetan egin ahal izango da.

‘Etxebizitzaren arkitektura’ jardunaldiak amaiera bikaina emango dio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatutako Euskadiko Nazioarteko I. Arkitektura Bienalari (MUGAK). Bienalak 115etik gora jarduera izan ditu, guztiak doakoak, eta horri esker, arkitekturaren arloko irudi handiak etorri dira Donostiara; tartean, Rafael Aranda, Solano Benítez eta Gloria Cabral, Alain Tavés eta Sou Fujimoto.

Jarduerak, urtarrilean ere

Urtarrilean zehar, MUGAK Bienalak hainbat jarduera eskaintzen jarraituko du. Hainbat erakusketa egongo dira ikusgai, honako toki hauetan: Miramar jauregian (‘RCR Arquitectes. Sormen partekatua’, ‘Argazkigintza eta arkitektura’, Jorge Allenderena; ‘Faisaien uhartea. Denboraren atari bat’, Guillermo S. Arsuagarena; ‘Bidasoa ibaia, Gillermo Zuaznabar eta Alessandro Isastiarena; ‘Imanolena (Luis Peña Ganchegui, 1964). Aterpe bat Kantauri itsasoaren aurrean’, ‘TOP-ERA’ eta ‘Harremanak’; Santa Teresa komentuan (‘Galdu genuen hiria. Donostian hiri ondarearen kudeaketa, 1950-2017’ eta ‘A fine line: Scenarios of bordering conditions’); Museum Cemento Rezolan (‘Concrete Work_Elisa Valero’), Tabakaleran (‘Zazpi forma eta koilaratxo bat-Miren Doizen Interbentzioa’); Arkitektura Eskolan (‘Iñiguez & Ustarroz: bizitza eta bizibide kasik paraleloak); eta Arteko Galerian (‘Konexioak. Artea eta Arkitektura. Ander Ushijima. Zubiak. Arkitekturaren artea, artearen arkitektura’).

Informazio gehiago behar izanez gero, jardunaldiaren programa ikus daiteke MUGAKen  web orrian.



Egitaraua prestatzen ari gara