Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Cristina Iglesiasek Santa Klara uharteko itsasargirako egin duen proiektuaren berri emango die donostiarrei urtarrilaren 18an

  • Miramar jauregian izango da hitzaldia, MUGAK Bienaleko programaren baitan, eta baliagarria izango da eskultoreak hiriari dohaintzan emango dion obraren xehetasunak ezagutzeko.
  • Egun berean, Alex Anmahian estatubatuar arkitektoak mugen izaerari buruzko ‘Mugak gaindituz’ hitzaldia emango du. 

Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalean MUGAK, euskal artista ospetsuenetako batek hartuko du parte, urtarrilaren 18an, osteguna. Hain zuzen, Cristina Iglesiasek. Eskultoreak hitzaldia emango du Donostiako Miramar jauregian. Bertan, Santa Klara uharteko itsasargia eskultura publiko bihurtzeko osatzen ari den proiektuari buruzko xehetasunak emango ditu. Helburua da eskultura hori hiriarentzat obra enblematiko bihurtzea.

Cristina Iglesiasen eskultura udal jabetzakoa izango da, duela hilabete batzuk donostiar eskultoreak eta Eneko Goia alkateak sinatutako hitzarmen bati esker. Hitzarmenaren arabera, eskultoreak dohaintzan emango du nola obra bera, hala obraren diseinu zein gainbegiratze prozesua. Horregatik, urtarrilaren 18ko hitzaldian (eguerdiko 12:00etan hasiko da), alkateak berak aurkeztuko du Iglesias. Hitzaldiaren ateak irekita egongo dira donostiar guztientzat, eta doakoa izango da, harik eta eserleku guztiak bete arte.

Artistaren helburua da, hain justu, itsasargiaren etxea eskultura publiko bihurtzea, Kontxako badiaren atzealdea irudikatuz, brontzezko edalontzi handi bat protagonista duela, eta, era berean, itsasaldiek eragindako aldaketak ispilatuz.

Hala, Donostiako kostaldeko arte multzoari gehituko dio bere obra Iglesiasek; lehendik ere hor baitaude Eduardo Txillidaren ‘Haizearen orrazia’, Jorge Oteizaren ‘Eraikuntza hutsa’ eta Nestor Basterretxearen ‘Bakearen usoa’.

Alex Anmahianen hitzaldia

Miramar jauregiak beste hitzordu bat ere izango du MUGAK bienalarekin, urtarrilaren 18an. Cristina Iglesiasen hitzaldiaren aurretik, zehazki 10:00etan, Alex Anmahian estatubatuar arkitektoak ‘Mugak gaindituz’ hitzaldia emango du. Ekipamenduaren, zuraren eta diseinuaren sektoreko euskal enpresen Cluster Habic elkarteak gonbidatuta etorriko da, eta “diseinu prozesu baten baitako elementu inspiratzaile eta sortzaile gisa” mugen izaerari buruz hitz egingo du adituak.

Arkitektoa Anmahian Winton estudioko bazkidea da. Estudio horrek Cambridgen (Massachusetts) dauka egoitza nagusia, eta zinez ospetsua da bere diseinuengatik. Bere obren artean nabarmentzekoak dira Arraunketa Zentro Komunitarioa (Boston) edo Arkeologiako Joukowsky Institutua, Browngo Unibertsitatean. Gainera, aurten bi American Architecture Prize irabazi ditu, Gemma Behatokiaren diseinuagatik (New Hampshire), eta beste bat, Ankarako (Turkia) bulego dorre batengatik. Donostian, bere lan filosofia azalduko du, bi kontinentetan egindako eta euren artean oso desberdinak diren lau lanen bitartez.



Egitaraua prestatzen ari gara