Bernardo Atxaga. Asteasun jaio zen, 1951n, eta Jose Irazu du benetako izena. Atxagaren zenbait liburu argitaratu dira gaztelaniaz: Bi anai (Dos hermanos) (1985), Obabakoak (1989, Euskadi Saria, Narratibako Sari Nazionala), Gizona bere bakardadean (El hombre solo) (1994), Zeru horiek (Esos cielos) (1997), Soinujolearen semea (El hijo del acordeonista) (2004, Grinzane Cavour saria, Mondello saria, Times Literary Supplement Translation Prize saria), Zazpi etxe Frantzian (Siete casas en Francia) (2009, finalista Independent Foreign Fiction Prize sarian eta 2012an AEBn argitaratutako fikziozko hamabost liburu onenen artean hautatua Publishers Weekly aldizkarian) eta Nevadako egunak (Días de Nevada) (2013).
Poesiaren arloan, 1978an argitaratu zuen lehen liburua, Etiopia, eta 2003an Cesare Pavese saria jaso zuen, Poemas&Híbridos lanaren italierarako itzulpenarengatik. Haren obra 32 hizkuntzatan irakur daiteke, eta zinemara eraman dute Montxo Armendarizek (Obaba, 2005), Aizpea Goenagak (Zeru horiek, 2006) eta Imanol Rayok (Bi anai, 2011). 2006an Euskaltzaindiko kide izendatu zuten.