Peña Ganchegui Artxibategiak Euskal Arkitektura Gaztea Saria aurkezten du, eta Imanolena etxearen berrikuspena proposatzen du
1970 Urtarrila 1
Peña Ganchegui Artxibategiak ‘MUGAK’ Nazioarteko Arkitektura Bienalean izango duen esku hartzeak alde batetik etorkizunera begiratzen du Euskal Arkitektura Gazteari emandako Peña Ganchegui Sariaren finalisten erakustaldiarekin, eta bestetik iragana gogorarazten du Imanolena etxeari buruzko erakusketarekin, Luis Peña Gancheguik 1964an proiektatua
Bi erakustaldi horietan Peña Ganchegui Artxibategiko arduradunek hainbat arrazoi ikusten dute publikoari erakartzeko. "Peña Ganchegui Sariaren erakustaldiak Euskal Arkitekturaren arloko talentu gazteen ekoizpena oro har ikusteko aukera emango du. Sariaren lehen edizioa izan da, eta arkitekto titulua duela 10 urte baino gutxiago eskuratuta, prestakuntzaz edo aribidez Euskal Herriarekin lotura dutenei bideratuta dago. Publikoak ibilbide oparoenak dituzten lan hautatuak ikusi ahal izango ditu. Arkitekto gazteenen ekoizpen arkitektonikoaren lagin garrantzitsua da, ekarpen horiek aribide profesional eredugarria izateaz gain arkitekturaren inguruko kultura bultzatzen, garatzen eta finkatzen laguntzen baitute", hala dio Mario Sangallik, Peña Ganchegui Sariaren koordinatzaileak.
Imanolena etxeari dagokionez, Rocio Peñak, Peña Ganchegui Artxibategiko zuzendariak honela esaten du "Nahiz eta Euskal Herrian XX. mendearen bigarren erdialdean eraikitako etxebizitza familiabakar adierazgarriena den eta, zalantzarik gabe, nire aitaren ekarpenik onena etxebizitza pribatuen arloan, ezer gutxi ezagutzen da arkitekturaren eremutik kanpo". Hori dela eta, erakusketa honekin "ezagutarazi nahi dute Luis Peña Gancheguiren funtsezko lan hori, artxibategiak gordetzen duen jatorrizko agirien bitartez. Askotariko materiala da, eta zati asko argitaratu gabeak, horri esker lan bikain hori ezagutu ahal izango dute orain arte ezagutzen ez zutenek, eta berriz ikusi ezagutzen omen zutenek".
Peña Ganchegui Artxibategiko arduradunen iritziz "Arkitekturak dagokion tokia berreskuratu behar du bera sortzen den gizartearen baitan. Alde horretatik, MUGAK Bienalak, hedadura handikoa, izaeraz jakintza-alor anitzekoa eta ikuspegiz hiritarrei irekia, behar diren osagai guztiak biltzen ditu diziplinaren ekarpena ezagutarazten laguntzeko; zeinak, askotariko eremu anitzetan lan eginez, bere alde erabilgarria, soziala eta estetikoa direla medio, gure gizartea hobetzen laguntzen baitu".